Hauteskunde bezperara arte, zapatura arte, eskaerak jasoko dituzte. Debagoieneko Gurutze Gorriko arduradun Santi Sarmientok esaten digu zelan antolatzen diren: "Domekako lehenengo orduan ibilbidea planifikatuko dugu eta interesatuei deituko diegu hitzordua konfirmatzeko. Planifikatzen dugu zenbat jende eraman behar dugun, nongoak diren, ze hautesmahaira joan behar duten… horren guztiaren arabera. Ibilgailuan ahalik eta denbora txikiena pasa dezaten ahalegintzen gara".
Sarmientoren esanetan, normalean hiru eta bost lagunek bitartean eskatzen dute zerbitzu hori.
Gutxituek politikan samurrago parte har dezaten
Esan behar da, gainera, aurten irisgarritasunaren aldeko kanpaina egiten dabilela Espainiako Gobernua, joan den martxoaren 25ean onartu zuen Errege Dekretu baten bidetik. Errege Dekretu horrek desgaitasunak dituzten pertsonek politikan eta hauteskundeetan parte hartzeko behar dituzten oinarrizko baldintzak erregulatzen ditu.
Erregelamendu horrek hautesmahaietako kideei ematen die ardura hautesleek modu burujabean bozkatu dezaten zaintzeko, eta aholkuak ematen ditu. Oinarria da "errespetuz eta natural" jokatzea, eta gogoratzea gutxituak pertsona burujabeak direla, eta eurei utzi behar zaiela laguntasuna behar badute, eskatzen.
Besteak beste, honako aholkuak ematen ditu Barne Ministerioak:
- Naturaltasunez eta errespetuz jokatu. Gutxituak pertsona burujabeak eta independenteak dira. Gutxitua izateak ez du esan nahi laguntza behar duenik. Ingurunea egokituta baldin badago, gutxituek ez dute zailtasunik izaten euren kabuz baliatzeko.
- Lagundu aurretik, galdetu; eta bakarrik, ikusten baduzu zailtasunak dituela. Eta galdetu ze laguntza mota behar duen. Horrez gain, beti hitz egin gutxituari, ez bere lagunari (konfiantzazko pertsona, keinuen hizkuntzako itzultzailea…).
- Erabili sena. Gutxituak egindako eskaera baten aurrean zelan erantzun ez badakizu, jo hauteslekuko administrazio arduradunarengana edo hauteskunde-batzordeko presidentearengana.
- Kontuz kontaktu fisikoa egin aurretik.Pertsona batzuek besoak erabiltzen dituzte oreka gordetzeko, eta besotik heltzeak jaustea eragin diezaieke. Ez ukitu euren gurpildun jesarlekua edo bastoia, ezinbestekoa ez bada, euren espazio fisikoaren zati bat dira-eta.
- Hauteslekura sartzea eta hautes-mahaira ailegatzea. Bakarrik eurek eskatzen dutenean, hauteslekuko administrazioko arduradunak edo ertzainek zein segurtasuneko beste arduradunek lagundu ahal izango diete gutxituei dagokien hautes-mahaira.