Programa guztia
Botoa zeini eman erabakitzerako orduan, gazte hauek ez dute soilik gazteei dagokiena kontuan hartu: "Gazteoi dagozkigun proposamenak gu konbentzitzeko balio dute, geroa garen aitzakiarekin-edo. Orokorrean, proposamen guztiak kontuan hartu beharko lirateke, horrek gizarte osoari eragingo digulako, gazteok barne". Kontuan hartzen dute ere alderdi bakoitzak orokorrean, Euskal Herrian duen jarrera. Hala ere, datozen lau urteotarako alkateari eskatzen diote "gazteriari gehixeago begiratzea; asko egiten dela esaten den arren, beste arlo batzuei inportantzia handiagoa ematen zaiela uste dugu, eta gu ilara horretan atzera samar gaudela. Foru Aldundiari ere, gauza bera", esaten dute. Baina, era berean, "kanpainan esaten dena aurretik alderdi bakoitzak egin duenarekin bat datorren edo ez ikusi behar dugu. Kritikoak izaten jakin behar dugu".
Batzuk, gogoz
Inguruko gazteak ere "interesatuta eta bozkatzeko gogoarekin" ikusten dituzte, "lehenengo aldia delako edo benetan parte hartzeko gogoa dutelako". Hala ere, euren iritziz, "gazte askok ez dute aprobetxatzen bozkatzeko aukera, ideia politiko jakin batzuk izanda ere. Nagikeriagatik-edo izango da… Horiei guztioi konturarazi behar diegu zein garrantzitsua izan daitekeen euren botoa".