Euskarazko hedabideen agerraldia Donostian

Ander Monedero 2011ko maiatzaren 17a

Euskal Herriko 80 hedabide ez publikok erakundeei eskatu diete 2012rako diru-laguntza publikoak %25 handitzea. Eurekiko harremanean sakontzeko konpromisoa hartu dute erakunde publikoek, baina, eskari zehatz horri emandako erantzunak kezka sortu du hedabideen artean.

Azken asteetan euskarazko hedabideek bilerak egin dituzte Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioekin euren egoeraren berri eman eta etorkizuna bermatu ahal izateko.

Euskarazko hedabide ez publikoek hiru eskaera egin dizkiete erakundeei: diru-laguntza publikoetan 2012rako %25eko igoera, publizitate instituzionalaren %25 euskarazko hedabideetara bideratzea eta sektorearen eta instituzioen arteko mahai bat sortzea.

Euskarazko komunikabideek nabarmendu dute Erakunde publikoek eurekiko harremanean sakontzeko konpromisoa hartu dutela eta baita sektorearen eta erakundeen arteko mahaia sortzekoa ere. Baina 2012rako diru-laguntzak handitzeko eskariaren inguruko erantzuna kezkaz hartu dute.

Hurrengo hilabeteetan 2012ko aurrekontuak lantzen hasiko dira erakundeak, eta sektoreak espero du euren eskakizunak kontuan hartuko dituztela.

Bestalde, euskarazko hedabideek bizi duten egoera ezagutarazteko eta euskararen normalizazio prozesuan beharrezkoak direla gogorarazteko publizitate kanpaina egingo dute. Publizitate kanpaina datozen egunetan ikusi ahal izango da prentsan, irratian, telebistan eta Interneten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak