Diru laguntza hauetarako eskaerak, Kultura eta Euskara Departamentuko edozein erregistrotan edo Internetez aurkeztu behar dira, 2011ko ekainaren 10a baino lehen.
Kultura eta Euskara Departamentuaren egitekoak dira, beste batzuen artean, honako hauek: informazioaren eta jakintzaren teknologiaren alorrean euskararen erabilera bultzatzea, euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duten edukien sorrerarako inbertsioak eragitea eta, oro har, informazioaren eta jakintzaren teknologiak erabiliz eduki digitalen gizarteratze sistematikoa sustatzea eta hedatzea.
Helburu honekin, Kultura eta Euskara Departamentuak Gipuzkoa 2.0 izena daraman programa onartu zuen eta 2011rako programa horri lotutako 507.601 euroko diru laguntzak bideratu ditu, lan hauetarako eta honela banatuta:
Lau arlotan
1. Azterketak, lan monografikoak eta antzekoak editatu edo argitaratzeko diru laguntzak: 64.000 €.
2. Edukiekiko eta edukien arteko elkarreragintza eta sarbidea errazten duten tresna teknologikoak garatzeko diru laguntzak: 103.467 €.
3. IKTak erabiliaz, edukiak euskara hutsean hedatzeko enpresentzako diru laguntzak: 138.134 €.
4. IKTak erabiliaz, kultur esparruko edukien hedapen proiektuetarako diru laguntzak: 202.000 €.
'Auzolana' eztabaida prozesua
Gipuzkoa 2.0 programaren inguruko diru laguntza hauen irizpideak eztabaidatzeko Auzolana prozesua abiatu zuen Foru Aldundiak, kultur eragileekin elkarlanean eta 2010eko diru laguntzak oinarri hartuta.
Helburua, diru laguntzen irizpideak elkarlanean eztabaidatu, ekarpen bideragarrienak geureganatu eta aurtengo deialdian txertatzea.
Eztabaida prozesutik atera dituzten ondorioetatik bi dira azpimarragarrienak:
- Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzen prozedura administratiboa errazteko eta sinplifikatzeko konpromisoa bereganatzen du. Zentzu horretan, eskatzaileen errolda egonkor bat garatzea eta diru laguntzen aplikazio elektronikoaren erabilera bultzatzea ditu epe motzeko helburuak.
- Bestetik, eztabaidan jarritako irizpideen inguruan, aldaketa nabarmenik ez dago: eskatzaileen profilak eta helburuak berberak izaten jarraitzen dute.