Hain zuzen, 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeeetan, eta 2009an, Eusko Legebiltzarrerakoetan, egokitutako boto sistema zegoen: "2007an lege bat egin zuten, eta itsuok botoa emateko sistemak ondo funtzionatu zuen: telefonoz aldez aurretik esan behar genuen botoa emateko asmoa geneukala, eta hauteslekura niretako materiala bidali zidaten: hautagaien izenak braillez idatzita eta, ondoan, bakoitzaren boto arrunta. Gero, 2009ko hauteskundeetan ez nuen aurretik abisatu beharrik izan".
Oraingoan, sorpresa txar bat izan du Rafaelek: "Uste nuen berdin egingo zutela, baina ez, eta atzerapauso handia da; esaten dute udal hauteskundeekin ez zirela akordatu, garestiegia dela… Baina nik uste dut ez dela neurriz kanpoko gastu bat. Gu baino gutxiago garatutakotzat ditugun herrialde batzuetan, hauteskunde guztietan dute itsuondako egokitutako boto sistema".
Konfiantzazko laguna
Oraingoan, itsu gehienek egiten duten moduan jokatuko du hauteskunde egunean: konfiantzazko lagun bati eskatuko dio bere aukerako botoa gutunazalean sar diezaiola. Herrialde askotan, horixe da itsuek bozka emateko duten modu bakarra. Rafael Kortabarriak esaten duenez, baina, "norberari, bakarrik bere kontzientziarekin bozkatzeko eskubidea errespetatu behar zaio".
Bera kexatu izan da beste batzuetan, "baina ez dute kasu handirik egiten", esaten du. Eta, hurrengo hauteskundeetan "gauza bera egingo duten beldur" da.
Alemanian eta Suedian
Espainiako Gobernuak egindako irisgarritasun gidari begiratuta, esaten du braillez prestatutako boto egokitua erkidegoetako hauteskundeetarako bakarrik dela. Barne Ministerioak berak zehazten du udal hauteskundeetan ez dela erabiltzen boto egokitua, "arauak horrela dioelako".
Europako oso herrialde gutxik dute normalizatuta itsuendako boto egokitua: Alemanian, Zipren, Suedian, Maltan eta Herbehereetan bakarrik daude itsuek eurek bakarrik bozkatzeko moduko teknologiak. Espainian eta Hego Euskal Herrian, 70.000 itsu inguru daude, eta 2008an, 2.000 inguruk erabili zuten boto egokitua.