Herri euskalduna, bizia, kultura aniztasuna, enplegua garatzeko politikak eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatu zituzten Bergaran, eta Jesus Elortza alkategaiak herritar guztiekin egindako herria garatu gura duela esan zuen.
Bestetik, egubakoitzean hori ere, Bergaran batu ziren Bilduko Gipuzkoako hautagaiak. Iragarri zuten herrialdeko udalgintzaren garapenean etapa berria ari direla irekitzen eta Foru Aldundiak udal zerbitzuak bermatzeko eta eguneko beharrak asetzeko lan egingo dutela.
Bildu Debagoieneko aurkezpetan
"Gogotsu" aurkeztu zen Aretxabaletako Bildu herritarren artean. Ana Bolinaga alkategaia herritarrei zuzendu zitzaien: “Badakit berria naizela politika munduan, baina talde sendoa bildu gara, eta lanerako gogotsu gaude. Aretxabaletatik aretxabaletarron alde lan egingo dugu". Maiatzaren 22an “aldaketa” espero dutela ere esan zuen. Ekitaldia bukatzeko talde argazkia egin zuten.
Elgetan ere egin zuten Bildukoek aurkezpena. Hautagaiek programaren ardatz nagusiak azaldu zituzten eta txorizoa eta sagardoa eskaini zieten bertaratu ziren guztiei.