Honakoa esaten digu: "Neurri eta laguntza sozialei begiratzen diet asko; horretan alderdi bakoitzak zer proposatzen duen da niretako garrantzitsuena. Aldiz, immigrazio politikei ez diet begiratzen, hemen guztiz integratuta nago-eta". Faltan igartzen du enpresaburuendako laguntzak: "Hemen asko egiten da enplegatuen alde, eta oso ondo dago, baina ni orain enpresa txiki baten jabe naiz eta beste aldea ikusten dut: zerga mordoa dauzkagu eta laguntzarik ez. Hori eskatzen diet hautagaiei".
Mitin eta batzar asko
Kolonbian eta hemen politika zelan egiten den alde handia dago, Yasmin Infantek dioskunez: "Kolonbian mitin asko egiten dituzte kanpainan. Herritarrekin ere batzar asko egiten dituzte. Han, hauteskundeak, bozkatzera joatea jai giroan, oso modu alaian bizi izaten dira. Hemen, horixe igartzen dut faltan: mitinak eta batzarrak, eta, bestetik, giroa". Hala ere, onartzen digu hemen, norberak aldez aurretik erabakita izaten duela nori bozkatu, eta "gertatzen dena gertatuta, beti alderdi berberari" bozkatzen diola jende gehienak. Kolonbian, oso bestela izaten da: "Han, jendeak asko aldatzen du bere botoa, hautagaiek aldi bakoitzean zer proposatzen duten arabera. Eta hori hauteskunde mota guztietan gertatzen da: hauteskunde orokorretan, udal hauteskundeetan…".
Hautagaien gainean, esaten du bai hemengoak eta bai hangoak "oso zuzenak eta ondo prestatutako jendea" iruditzen zaizkiola. Kolonbian ere normaltasun osoz ikusten dute emakumeek politikan goi karguak izatea.
Kolonbian oraindik badu bozkatzeko eskubidea Yasminek, baina esaten du ez duela hango politika jarraitzen eta, horregatik, dagoeneko ez duela eskubide hori erabiltzen.
Atzerritarren boto eskubidea
Atzerritar guztiek ez dute Hego Euskal Herriko eta Espainiako udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea, eta daukatenek ere aldez aurretik konfirmatu behar dute edo izena eman behar dute dagokien udalean, botoa emateko asmoa baldin badute. Hainbat multzo daude: batetik, Europako Batasuneko atzerritarrak. Horiek urtarrilaren 31ra arte zuten izena emateko aukera. Gainera, apirilaren 4tik 11ra bitartean errolda zuzentzeko epea egon zen, eta orduan ere izan zuten horretarako aukera. Bigarren multzo bat dira Espainiarekiko hauteskundeen gaineko hitzarmena duten herrialdeetako etorkinak: Argentina, Kolonbia, Peru, Trinidad eta Tobago, Txile, Ekuador, Cabo Verde, Paraguay, Islandia, Zeelanda Berria, Bolivia eta Uruguay.
Hego Euskal Herrian eta Espainian, bakarrik udal hauteskundeetan edo Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan bozka dezakete atzerritarrek.
Horrez gain, espainiar nazionalitatea ere baduten atzerritarrek normaltasun osoz bozkatu dezakete.
Debagoienean, 138 atzerritarrek eman dute izena hilaren 22an bozkatzeko.