Huhezinema 2011 sariak: 'Artalde' film labur onena

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko maiatzaren 13a

Huhezinema lehiaketako sariak banatu zituzten atzo Aretxabaletako kultura etxean. 'Kamera buruan eta euskal zinema munduan' lelopean egin dute aurten euskal film laburren jaialdia. Epaimahaiaren arabera film labur onena Asier Altuna bergararraren 'Artalde' izan da. Laugarren edizio honetan 76 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, inoiz izan den parte-hartze handiena. Mondragon Unibertsitateko  Huhezi fakultateko ikasle eta irakasleek antolatutako lehiaketa da.

'El Metodo Julio' laburrak irabazi du ikusleen saria

Aurkeztutako 76 lanetatik aukeraketa batzordeak hamar lan aukeratu ditu. Aurtengo epaimahaia osatu dute Asier Urbieta telebistako errealizadore eta gidoigileak; Miren Gaztañaga telebistako aurkezle eta aktoreak; eta Unai Guerra arte zuzendariak. Epaimahaiaren arabera, film labur onena Asier Altuna bergararraren Artalde izan da –300 euro–. Esan behar da epaimahaiak aipamen berezia egin diola Tucker Davila Wood zuzendariaren Los 4 McNifikos lanari.

Euskarazko film labur onena

GOIENAk ere hartu du parte Huhezinema jaialdian: euskarazko film onenaren saria eman dio GOIENAk Maialen Sarasuaren Hemen nago film laburrari (400 euro). Ikasleen film labur onena La puissance du temps izan da –300 euro–. Egileak dira: Irati Agirre, Eneko Botana, Karlota Castrillo, Oihana Eroa, Julen Rodriguez eta Nerea Sanchez.


Epaimahaiaren sariez gain, publikoaren sariak ere egon dira: Ikasleen dokumental onena Horma hutsen berridazketa izan da –200 euro–. Ane Vitoria, Irati Santa Kruz, Izaskun Zalakain eta Elixabet Zaldua dira egileak. Ikasleen fikzio onena, berriz, Eta amama? filmak eroan du –200 euro–. Itziar Irizar, Maddalen San Miguel, Jon Eskudero, Ekaitz Herrera, Olaia Juaristi, Iker Ugalde eta Alex Silva dira zuzendariak.

Publikoaren saria

Amaiatzeko, atzo iluntzean Arkupera joandako ikusleek ere euren saria eman zuten. Filma labur saritua Jon Garañoren El método Julio izan zen.

Kartel lehiaketa

Aurtengo edizioak bi berrikuntza izan ditu. Lehen aldiz, kartel lehiaketa egin dute. Jasotako 41 karteletatik Karlota Castrillorena izan zen aukeratua. Atzo, bere saria jaso zuen Castrillok. Aurkezleak ere casting bidez aukeratu zituzten –eguazteneko saiorako–: Odei Esnaola eta Maider Juaristi ikasleak izan ziren aukeratutako aurkezleak. Atzo, ostera, Ainhoa Vitoriak eta Xabier Unanuek jardun zuten aurkezle lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak