Naturgas/BBK Transantartika 2011 proiektuko lehen pausoa egingo dute gaur, Groenlandiako lurretan –izotzetan, ondo esateko. Eta lehen pauso horren ondoren etorriko dira gainontzeko guztiak, 6.000 kilometro izotz gainean zeharkatu arte (lehen espedizioan 2.300 kilometro egingo dituzte, eta azaroan Antartidara joango dira), kometez lagunduta, ekipajeetatik tira egiteko.
Groenlandiako Narsasuaq herrian hasiko dute abentura hau, izan ere, aurreko BATeko mutilen espedizioak zailtasun goreneko kirol-erronkak ziren moduan, honek gehiago du abenturatik.
Hala, mendizaleek 2.300 kilometroko distantzia egingo dute 40 egunetan. Egoera klimatologiko gogorrak izango dituzte, 2.000 metroko altueran tenperaturak zero azpitik 30 gradutara iritsiko dira, eta abenturak dituen beste arrisku batzuen artean hartz polarrak daude, paraje horietan aurki ditzaketen bide-lagunak. Hartzen eraso baten aurrean erantzun ahal izateko, Groenlandiako legeek errifle bat eramatera behartzen diete.