1. Txikitan zenbat zigor jaso zenituen graziosoarena egitearren?
Bat edo beste bai. Eskolatik dudan lehen oroitzapenetako bat da andereñoak hura imitatzen harrapatu ninduela eta zigor potoloa jaso nuela; ez zen bakarra izan!
2. Umore beltza dago, baita zuria eta berdea ere. Zein kolore du zureak?
Umore mota guztiak ditut gustuko; egoera, aldarte eta publikoaren arabera aukeratzen dut. Programa askotan zuritik asko jo dugu, berdea ere maite dugu eta beltza errealitateak berak eskatzen digu.
3. Ez da nekagarria jendeak beti zugandik txiste bat espero izatea?
Txiskola garaian gehiago eskatzen zizkidaten. Nekagarria ez, normalean polita da; jendea aldarte onean etortzen da eta bere umore ona eskaini nahi dizu, eta hobe hori ostikada bat baino.
4. Zeren kontra jo zenuen burua funtzionario postua utzi eta farandula-n sartzeko?
Ikusi nuen askoz baliagarriagoa nintzela handik kanpo, eta aukera polita sortu zen SIADECOn; farandula gero etorri zen. Egia da harrezkero nahiko nomada sentitu naizela.
5. 'Mihiluze'-n parte hartuz gero, irabaziko zenuke sari potoloa?
Zaila! Gaiaren arabera, ezta pentsatu ere... Kirolak tokatuz gero, akabo!
6. Txetxu eta Yolanda; Euzkitze eta Klaudio; eta aspalditik, Ilaski eta Kike. ETBn bikote bizitza luzea dute; dibortziatzeko asmorik?
Ezta bat ere! Gure kasuan ez dugu esango heriotzak banantzen gaituen arte, audientziak banandu arte baizik. Ikaragarri harreman ona dugu, elkar oso ondo ezagutzen dugu eta hori lanean urrea da.
7. Biraoak, euskaraz, gaztelaniaz, ala gaztelania euskaratuan?
Kauen la letxe! Hori ez da galdetzen!
8. Tolosakoa dute askok euskara politaren eredu. Tolosar moduan, nongoa duzu gustuko?
Euskararen kolore guztiak gustatzen zaizkit; azkenaldian, Gasteizkoa, Tafallakoa, Baionakoa... Euskalki guztiek dute zertaz gozatu eta zer eskaini. Atentzio berezia jarri behar diegu hiriburu eta gune erdaldunetan sortzen ari diren euskara berriei; emaitza politak dira zenbait kasutan.
9. Lotsa da euskaldun berrien bekatu handiena?
Hori hala bada, erantzule nagusiak euskaldun zaharrak gara. Gure zenbait jokaera aldatzen hasi beharko genuke.
10. Korrikako mezua idatzi eta irakurtzeak lorik gabeko zenbat gau dakartza?
Aurretik kezka handiko gau batzuk eta ondoren adrenalina jaitsi ezinezko beste zenbait. Ederra izan zen!
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Herri honek ni bezalako bat lehendakari aukeratuko balu, nik uste dut kezkatzeko motibo asko izango lituzkeela. Horrek ez du esan gura nahi orain arte izan ez dituenik. Nire kasuan, zintzoa izanda, egin beharko nukeena da lehenbailehen dimititu; hori bai, Euskal Herria NATOtik atera eta gero".