Alderdiak pozik Konstituzionalaren epaiarekin, PP eta UPD izan ezik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 6a

Pozik hartu dute Auzitegi Konstituzionalaren erabakia alderdi gehienek. Pozago abertzaleek. Sozialistek esan dute Eskubide Estatuak funtzionatzen duela. PPK eta UPDk berba gogorrak esan dituzte epaileen eta sozialisten aurka.

Andoni Ortuzar (EAJ)

"Pozik hartu dugu berria, Euskadirendako ona delako, bai normaltasunerako eta baita hiritar guztiek parte har dezaten politikan eta hauteskundeetan".

"PSOE eta PP saiatu dira hauteskunde mapa aldatzen, baina Auzitegi Konstituzionalak, eskerrak, beste era bateko epaia eman du".

"Ea hauteskunde kanpaina normala egiten dugun eta gure hiri eta herrietarako zer proposatzen dugun azaltzeko gauza garen alderdiok. Izan dadila hauteskunde kanpaina normala, ETAren mehatxu barik, eta aukera guztien parte hartzearekin".

Jose Antonio Pastor (PSE-EE)

"Berri garrantzitsua da. Arazo zail bati irteera eman dio Konstituzionalak. Argi geratzen da Eskubide Estatuak funtzionatzen duela. Eta agerian uzten du beste batzuen konspirazio usteak. Ezin daitezke zalantzak sortu epaitegietan. Bilduk beste edozeinen bezala parte har dezala hauteskundeetan eta bere ideiak eta eskaintzak normaltasunez erakuts ditzala, Diputazio, herri eta hirietako. Normaltasunez egin dadila kanpaina, ETA desager dadila behin betirako eta bakea etor dadila lehenbailehen".

Pello Urizar (Bildu)

"Lanean daroagu luzaroan eta orain badakigu gure lanak fruituak eman ditzakeela eta hauteskunde programak, gure eskaintza, herriari erakuts ahal diogula".

"Abertzale eta burujabeen aldeko apustua, apustu baketsua, da helburua eta erronka. Zaila izan da, arrisku handiko apustua, baina lortu dugu eta hau aurrera doa. Ezkerreko indar eta burujabeen aldekoek espazio zabala daukagu Herri honetan. Horren alde egin dugu beti".

Jon Abril (Aralar)

"Oso-oso pozik gaude. Bilduren zerrenda guztiak egongo dira hauteskundeetan eta hori ona da Euskal Herriarendako eta demokraziarendako. Azkenera arte itxoin dugun arren, berri pozgarria jaso dugu".

"Hiritarrek libreki aukeratzea nahi dugu, hori da inportanteena, hauteskunde emaitzen gainetik".

"Bakea gertuago dago orain, aurrerapauso handia egin dugu. Baina bide luzea dago egiteko oraindik".

Mikel Arana (EB-Berdeak)

"Oso pozik hartu dugu berria. Ona da Bildu hauteskundeetan egotea. PP eta PSOE saiatu dira trabak jartzen, Estatuko abokatuaren eta fiskaltzaren bitartez, baina Konstituzionalak ez ditu aintzat hartu. Epaiak hori utzi du agerian".

"Aukera guztiak hauteskundeetan parte hartuko dute eta denek errefusatuko dute ETAren indarkeria. Hori berria da. Orain, hauteskundeetarako Bilduren proposamenak ezagutzeko irrikan gaude".

Gorka Maneiro (UPD)

"Demokraziarendako berri txarra da, batez ere moral publikoaren aldetik. Huts handia egin dute epaileek".

"Justizia Espainian ez da independentea, alderdi politikoek aukeratzen dituzte organo gorenen epaileak eta alderdi sozialistak aukeratutako epaileek egin dute Bilduren alde. Horiek erabaki dute, azkenean. Gaijera, gogoan izan behar dugu Lehendakariak Bildu hauteskundeetan egitearen aldeko kanpaina egin duela azkeneko egunotan. Gure babesik ez dauka Lehendakariak".

Antonio Basagoiti (PP)

"Ez zaigu gustatzen Konstituzionalaren erabakia. ETAren buruek hartutako estrategiari baietza eta babesa eman diete Konstituzionaleko sei epaileek. Errespetuz, baina zera esan nahi diet epaile horiei: Batasuna ona dela badiote, etxera eroan ditzatela Batasunakoak. Ze geuk sufritu behar ditugu Euskadin, udaletxeetan, ez Madrileko epaile horiek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak