Gaurkotasun handia duelako aukeratu du Lanbide Heziketak aurtengo jardunaldietako gaia. Europar Batasunean, esaterako, materia energetikoaren arloari dagokionez, epe motzerako helburuetako bat da CO² gutxi isurtzen duten eraikinekin hastea. Aldaketa klimatikoaren aurka egiten duten mesedeagatik eta erregai fosilekiko dependentzia ezagatik, Europar Batasuneko agintari guztiek adostu dute 2019tik aurrera Europar Batasunean eraikiko diren etxebizitza guztiak CO² gabekoak izango direla.
Jardunaldietan hizlari izango dira Gonzalo Molina, Industria Ingeniaritzan doktorea eta Europako arautegiaren egileetako bat; Amarante Baranbio, arkitektoa eta Passivhauseko fundatzaileetariko bat; Eduardo Solana eta Andrew Ferdinando, LKSko arkitektoak eta ziurtagirietan adituak eta Ramon Ruiz, arkitektura ekoefizientean espezialista. CO² gabeko eraikinen inguruan Europan dagoen araudia izango dute hizpide, Passivhaus estandarra bioeraikutzako ikuspuntutik aztertuko da, LEED eta BREEAM nazioarteko ziurtagiriak, besteak beste.
Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak eraikuntzarekin lotutako heziketa-zikloak eskaintzen ditu, eta betidanik egin nahi izan du bere ekarpena iraunkortasunaren alde. Horren harira, hiru ekimen jarri ditu martxan azken bost urteotan: XXI. Mendeko Etxebizitzen Jardunaldiak, Ekokaleak Ideia Lehiaketa eta EKOunter Topaketa. Ideia-lehiaketaren sariak, hain zuzen ere, jardunaldian bertan banatuko dira datorren ostegunean, eta han izango dira, bestalde, bi eguneko EKOunter topaketara etorriko diren estatu mailako lehiakideak –ehundik gora–.