Aramaiok txalo, besarkada eta muxu artean hartu du Jon Agirre

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko maiatzaren 4a

30 urte, hiru hamarkada, kartzelan egin ostean Aramaion da berriro Jon Agirre. Ongietorri ekitaldia egin zioten atzo kiroldegian; berandu hasi zen, plazatik kiroldegirako bidean hainbat eta hainbat herritarrek besarkatu gura izan zutelako preso aramaioar ohia. Ekitaldi motza baina hunkigarria izan zen; Jon Agirreri berari "oso polita" iruditu zitzaion.

Aske eta jaiotzen ikusi zuen herrian dago Jon Agirre preso ohia. Atzo bueltatu zen Aramaiora, 30 urte kartzelan egin ostean. Ongietorri ekitaldia kiroldegian egin zioten, eta 19:00etan hastekoa bazen ere, berandu hasi zen; muxuak, besarkadak eta denetariko maitasun keinuak izan ziren atzerapenaren errudunak. Ekitaldian bertan, kiroldegiko harmailak lepo bete ziren. Aramaioarrez gain, Arrasateko hainbat lagun izan ziren, Arrasaten lagun eta ezagun asko dituen seinale. Aramaioko eta Arrasateko jendeaz gain, Euskal Herri hainbat txokotako jendea ere bertaratu zen.

Ekitaldi hunkigarria

Ongietorri ekitaldia motza eta berezia izan zen. Txalaparta doinuekin eta txalo zaparrada amaigabe batekin sartu zen Agirre pilotalekura. Ekitaldiak, motza izan arren, askorako eman zuen: aurresku berezia –30 herritarrek dantzatu zioten, espetxean egin dituen urte bakoitzeko dantzari bana–, lore eskaintza, 30 izarrez osatutako murala, bertsoak...

Ekitaldiaren amaieran, besarkada eta lagunen arteko solasaldien artean, honakoa adierazi zigun Agirrek berak, umoretsu: "Gaur bakarrik muxu eta besarkada gehiago eman ditut bizitza osoan baino, eta dudan adinarekin hori ezin daiteke ona izan..."

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak