Mundu osoko komunikabideek egun osoan zehar eguneratu zituzten datu ekonomikoak.
Europan, Milango Burtsa %0,09 jausi zen eguna bukatzerakoan, eta Madrilgoa, %0,01. Paris zertxobait igo zen (%0,05), eta Frankfurt ere bai (%0,18). Londresko Burtsa itxita zegoen, han jaieguna izanda. Ibex 35 baloreak ez zuen apenas aldaketarik izan.
Wall Street, negatiboan
Wall Street-eko adierazle garrantzitsuenek igoera handiekin hasi zuten eguna, albistea zabaldu eta segituan erreakzionatu zuten-eta; hala, goiz partean, adierazle nagusiak %0,8 igo ziren, batez beste. Baina Industriako Dow Jones adierazlea, denetan garrantzitsuena, zertxobait jaitsi zen jardueraren bukaeran (%-0,02), eta, oro har, New York-eko Burtsak ere balore negatiboekin bukatu zuen eguna.
Analisten esanetan, munduko burtsek interpretatzen dute, Bin Laden hilda, inbertitzeko segurtasun handiagoa dagoela. Horregatik hasi zuten burtsek eguna horrelako igoera handiekin.
Erregaiek berdin jarraituko dute
Egunaren hasieran, Brent gordin barrika ere jaitsierekin hasi zen. Hainbat gorabehera izan zituen egunean zehar, 126,54 dolarreko maximoarekin eta 121,67 dolarreko minimoarekin. Azkenean, 125,11 dolarreko balorea zuen eguna bukatu orduko. Beraz, albisteak behin-behineko eragina izan zuen. Dena dela, erregaien prezioan ez da merkealdi nabarmenik aurreikusten.
Dolarrak aurrera egin zuen
Dolarrak ere indartsu hasi zuen eguna, eta gainerako moneta handiekiko azken urteotan galdutako indarra berreskuratu zuen. Normalean, dolarra zenbat eta baliotsuagoa izan, urrea eta petrolioa orduan eta balio gutxiagokoak dira. Adituen esanetan, Bin Ladenen heriotzak berak ez du dolarrean epe ertain edo luzeko eraginik izango, baina lagun dezake AEBen diru-politika normaltzera, eta, horrela gertatzen bada, dolarra indartu egingo da euroarekiko, yenarekiko eta gainerako moneta handiekiko.