Iaz, 9 lan-heriotza izan ziren Gipuzkoan, hamarkadako kopuru txikiena

Leire Kortabarria 2011ko maiatzaren 3a

Lan-istripuak gutxitzen joan dira, eta hamarkadako minimoetan daude Gipuzkoan: hori da Adegik ateratzen duen ondorioa 2010eko lan-istripuen gaineko txostena egin ondoren.

Adegik, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, gaineratzen du 2001eko lan-istripuen erdiak izan zirela iaz, gutxi gorabehera. 

Mila langileko, 45 istripu

Esandako txostenak datu batzuk ematen ditu, honakoak: eragin globala (1.000 langileko zenbat istripu dauden) %2,9 txikitu da, eta 44,8 istripu gertatu ziren 1.000 langileko (2008an, 55,8, eta 2009an, 46,2). Larritasun-maila guztietako istripuak kontuan hartzen dira.

Bestetik, 2010. urtean, baja eragin zuten lan-istripuak ere murriztu egin ziren: %3,5 gutxiago.

Lan-heriotzak ere gero eta gutxiago izan dira azken urteotan, eta 2010ean, hamarkadako minimoa jo zuten: 9 lan-heriotza, hain zuzen ere.

Horren beste aldean, ordea, 2009az geroztik lan gehiago egin delako, krisiaren une txarrena pasatuta, istripu larri gehiago egon ziren 2010ean.

Enpresek, "ahalegin handia"

Sektore gehienetan ere lan-istripu gutxiago egon dira, zerbitzuen salbuespenarekin; hor, zertxobait ugaritu dira. Bereziki gutxitu dira eraikuntzan eta industrian.

Txostena ikusita, Adegik dio "bistan" geratzen direla "ekoizpen-jarduerek dakartzaten arriskuen ondorioak eusteko Gipuzkoako enpresek egiten duten ahalegina".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak