Geroz eta alergiko gehiago, eta gurean zerbitzurik ez

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko maiatzaren 2a

Udaberriarekin batera, geroz eta gehiago dira alergiek eragindako eragozpenak jasaten dituzten debagoiendarrak. Gure bailaran, dena dela, ez dago alergologia zerbitzurik eta gaur egun Gasteizera bideratzen dituzte alergikoak. Kalean herritarrei galdetuta, esan digute ondo egongo litzatekeela ospitale berriarekin bat, zerbitzu hori Arrasaten bertan jartzea.

Urte sasoi honetan asko dira paperezko muku-zapia ondoan eroaten dituztenak eta udaberriarekin batera, geroz eta gehiago dira alergiek eragindako eragozpenak jasaten dituzten debagoiendarrak. Beste batzuei, zuzen-zuzenean eragin ez arren, askotan gertu izaten dituzte alergia duten ezagunak.

Alergiaren sintoma ohikoenak muki jarioa eta begietan azkura izatea dira eta farmazietan badituzte horri aurre egiteko medikamentuak; pastillak edo kolirioa, hain zuzen.

Gurean zerbitzurik ez

Debagoienean, dena dela, ez dago alergologia zerbitzurik. Lehen arlo pribatuan bazegoen ere, urteak dira Atxen Arantzabal alergologoak Arrasate utzi zuela. Osakidetza aukeratzen dutenak, ostera, Gasteizera bideratzen dituzte; hain justu ere, Santiago ospitalera. Ospitale horretan dihardu Saioa Esnal sendagile eskoriatzarrak eta baieztatu digu nahiko altua dela Santiago ospitalean hartzen duten debagoiendar kopurua; haren esanetan, alde horretatik begiratuta, interesgarria izango litzake Arrasateko ospitale berrian debagoiendarrendako zerbitzu hori ematea, kontuan hartuta alergiko kopurua gorantz doala eta diagnostiko zuzena eta tratamendu egokia emateko, gaixoaren jarraipena oso gertukoa izan behar dela. Herritar gehienek ere, horixe bera esan digute.

Hilerik okerrenak: maiatza eta ekaina

Udaberria hasi denetik hainbat landareen polinizazioa eman dela jakinarazi digu Esnal sendagileak, hala nola, pinua, bananondoa edo lizarra. Dena dela, gaineratu digu ohikoena graminearen polenak sortutakoa dela; zelaietan eta bide bazterretan ikus ditzakegun belar luzexkak dira; hori da jende gehienak izaten duena, eta oraindik bere polinizazioa ez da hasi. Hemendik aurrera, Esnalen esanetan maiatza eta ekaina izango dira hilerik okerrenak.

Pinu polenari alegikoak, geroz eta gehiago

Sendagile eskoriatzarrak ohartarazi digu pinu polenari alergikoa den gero eta jende gehiago diagnostikatzen dutela eta gomendatu du sintomak azaltzen direnean medikura joatea, gaixoari diagnostiko zuzena egin eta horren kontrako tratamendu egokia jarri diezaioten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak