1. Noiz deitu zaituzte azkenengo aldiz Leonor?
Atzo bertan. Askotan deitzen naute horrela; klaseak ematen ditut, eta ikasleek eurek batzutan hala deitzen naute; horrela ezagutu naute, eta badakizu, ohitura.
2. Goenkaleko 3.000 kapituluaren harira, hegazkinetik bota zinen. 4.000ra heltzeko beldur?
Ez, ezta pentsatu ere! Horrelako aukera bat eskaintzen badidate berriz, fenomeno! Oso gustura bota nintzen, oso pozik.
3. Arraldetik Madrilera egin du batek baino gehiagok. Planteatu al duzu inoiz bidaia hori?
Nik alderantziz egin nuen, Madriletik Arraldera. Han nengoen ikasten, nire antzerkiekin, zarzuelekin... Baina etxetik deitzen zaituztenean, aukera dagoenean etxean lan egiteko... Ni oso etxezalea naiz.
4. Telebistan pertsonaia bat, antzerkian ugari. Agertokiak ihesbide dira?
Agertokiak niretzat dira magia, beste aukera bat. Telebistan Leonorrek gauza asko bizi ditu, baina beti bere pertsonalitatetik. Antzerkian beste pertsona batzuk lantzeko, ikertzeko aukera duzu. Beharbada bai, ihesbidea izan daiteke.
5. Euskal aktore mordoarekin lan egin duzu. Divo asko al dago?
Ez dut uste; norbait akaso bai, baina ez zentzu txarrean, lanbidean urte asko eramatearen ondorioz baizik. Nirekin baina, inork ez du gaizki jokatu.
6. Krisia, krisiago da antzerkian?
Nik ez dakit beste gaietan nolakoa den, baina antzerkian, krisia larria da. Kontratazio gutxiago, bertan behera geratzea... Egun, edozein gauza ekoiztea suizidioa da.
7. Zarzuelarekin ere ausartu zara. Ez dirudi erreza abestu eta antzeztu, biak batera egiteak.
Nik beldur handiagoa, errespetu handiagoa diot abesteari; hasi horretan hasi arren, formazio gutxiago dut-eta. Antzezten dudan bitartean kantatzen badut, gabeziak disimulatu egiten dira, beraz ondo dago biak uztartzea.
8. Senarra Asier Izagirre mendigoizalea izanda, zein da zuk egindako tontorrik garaiena?
Andeetan ibilita nago, 4.500 metrora, baina totorrik egin gabe. Altuena Pirinioetako Anie izango da. Dena den senarrak esaten duen bezala belar-zapaltzailea naiz: ibiltzea gustatzen zait, baina ez tontorrak igotzea.
9. 'Donostikoa? Ñoñostiarra orduan'. Askotan entzun duzu?
Uf! Asier Tolosakoa da, eta ez dakit zer duten tolosarrek Donostiaren kontra, baina askotan esaten didate. Nik uste eurek dutela ñoñokeria gehiago, baina tira! Ni, donostiarra naiz.
10. Zer esan gura du zuretzat 2016ak?
Apur bat antzerkia iruditzen zait: saldu nahi dugun aurpegi bat da, baina benetan lantzen ez dena.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Ni oso lotsagabea naiz, baina ez dut uste lehendakari izateko besteko lotsa falta dudanik... Inoiz halabeharrez lehendakari izan beharko banu, bultzatuko nukeena da heziketa apur bat gehiago: ez eduki aldetik, baizik eta umeak hezi munduan, bizitzan moldatzeko ikasteko; ez hainbeste matematikak".