Fagorrek 'zenbaki gorri' txikiagoak ditu

Leire Kortabarria 2011ko maiatzaren 2a

Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak 9,8 milioi euroko galerekin itxi zuen 2010eko jardunaldia, 2009an baino %50,7 gutxiago (orduan, 19,9 milioi galdu zituen). Horren berri eman zuen kooperatibak berak. Gainera, aurreikusten du salmenta bolumenean eta inbertitutako diruan hazi egingo dela aurten.

Fagor Etxetresnek 1.396 milioi euro fakturatu zituen 2010ean, 2009an baino %1 gutxiago, eta bere Ebitda (esplotazioko emaitza brutua) %25 hazi zen, 75 milioi hartu arte.

Enpresak esan du urte "konplikatua" izan zela ikuspuntu ekonomikotik, eta hala ere, 2009an errebisatutako Plan Estrategikoak jasotzen zituen aurreikuspenak gainditu egin zituela esan du.

Errentagarritasunari begira

Hala, 19,3 milioiko emaitza operatiboarekin itxi zuen 2010eko jardunaldia, 2009an baino 8,9 milioi gehiago. Kooperatibaren ekintza nagusian, lerro zurian, 20 milioitik gorako emaitzak izan zituen, eta Ebitda 15 milioi eurotan hazi zen; kooperatibaren esanetan, "hobekuntza garrantzitsua" izan zen, eta hura egotzi zioten "ingurune konplikatu baten barruan enpresa modu irmoan errentagarritasunera begira" jarri izanari.

2011ko aurreikuspenek jasotzen dute salmenta bolumena %7,6 handitzea, eta produktu berriak garatzeko 46 milioi gehiago inbertitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak