Sortu ez legeztatzeko hartutako erabakian ere, 9 epaile agertu ziren alde eta 6 kontra. Eta atzo erabaki duten epaileen gehiengoaren ustez, ETAk eta Batasunak zuzendu eta kontrolatu dute Bildu. Horregatik ezin du hauteskundeetan egon. Bilduk bihar 11:30ean emango du jakitera erabaki honen gaineko iritzia.
Epaileek beste 19 hauteskunde elkarteren gainean ere erabaki zuten. Estatuko abokatuak eta Fiskalatzak hauek ere inpugnatu bazituzten ere, epaileek legezkotzat jo dituzte.
"ETA eta Batasunaren mesedetan"
Auzitegi Gorenak esan du Bildu Batasunaren eta ETAren estrategiaren barruan kokatzen direla. EAk eta Alternatibak koalizioa Batasunak okupatzea baimendu dutela. "Harrigarria da Bilduren hauteskunde zerrenda gehienetan postu garrantzitsu eta gehientsuenak independenteen esku egotea" dio Auzitegi Gorenak. Eta hautagai independenteak, "Batasunaren testaferro" direla. Sorturen aukera baliogabetuta, Bildu "Batasunaren B plana" dela dio epaiak.
Inpugnatzeko epeak
Atzo, domeka: Espainiako Auzitegi Gorenak doemak gauerdia baino lehen hartu behar zuten erabakia. 23:00etan jakinarazi zuten.
Astelehena-martitzena: Konstituzionalean helegitea jartzeko aukera du Bilduk. Bi egun ditu horretarako.
Eguen gauerdia: Konstituzionalak erabakia eman beharko du.
Egubakoitza, maiatzak 6: Hauteskunde kanpaina hasiko da.
Maiatzak 12: Hauteskunde kanpainan lege urratzeren bat egon dela iritziz gero, berriro zerrendak inpugnatzeko aukera izango dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak.
Maiatzak 15: Inpugnazioa jarri eta hiru eguneko epea izango du Gorenak erabakia hartzeko, zerrendak alegazioa jartzeko duen epe bera.
Maiatzak 17: Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera izango dute aldeek, hiru eguneko epean.
Maiatzak 20: Azken erabakiaren berri eman beharko du Auzitegi Konstituzionalak.
Maiatzak 22: Udal eta Foru hauteskundeak.