Kolon eta ondesteko minbizia da herrialde garatuetan hilkortasun handiena sortzen duen minbizi mota, baita EAEn ere. Emakumeen artean hilkortasun handiena sortzen duen bigarren minbizi mota da, bularreko minbiziaren ostean, baita gizonengan ere, prostatako minbiziaren ostean.
Bizitza estilo osasungarria, eta prebentzioa
Minbizi honetarako lehen mailako prebentzioa bizitza estilo osasungarriak ezartzean oinarritzen da (ez erre, obesitatea ekidin, ariketa fisikoa egin, fruta eta barazki ugari jan, gantza handiko janariak ekidin). Baina beharrezkoa da bigarren mailako prebentzioa, gaixotasuna arin detektatu ahal izateko. Horretarako, eginkarietan batu daitekeen odol izkutua detektatzeko programa dago, bi urtetan behin egin beharrekoa.
Programa horren helburua da gaixotasuna goiz harrapatzea, oraindik sintomarik azaltzen ez duenean. Horrela tratamendu goiztiarra ezar daiteke, fase horietan errazagoa eta eraginkorragoa izaten dena.
Adina oso faktore eraginkorra da 50 urtetik gorako pertsonengan eta gertatzen diren kasuen gehienek ez dute aurrekaririk familian. Kasuen %80k hasiera du hesteetan sortzen den polipo batean, 10 urtetan zehar gaizta daitekeena. Adenomari lotutako polipo bat garatzeko aukerak %19 dira eta hortik minbizia garatzekoak %2-5.
Detektatze prozesua etengabea izan behar da, ez da behin bakarrik egin behar. Programan parte hartzen duten pertsonen hilkortasunaren beherakada %16 eta 30 bitartean dagoela kalkulatzen da. IV. fasean diagnostikatutako pertsonen biziraupena 5 urteko epean, %15 dela kalkulatzen da; I eta II. Faseetan diagnostikatutakoen artekoa, berriz, %75-90eraino igotzen da.
Programan sartzeko deituko diren pertsonak sintomarik ez duten 50 eta 69 urte bitarteko emakume eta gizonak dira. Osakidetzak gonbidapena bidaliko dio pertsona bakoitzari, eginkariak jasotzeko behar duen material guztiarekin, gero dagokion osasun zentroan utz dezan.
Emaitzak programan parte hartu duten pertsonei eta euren familia medikuei bidaliko zaizkie. Testaren emaitza baiezkoa denean, familia medikuak kolonoskopia egiteko proposatuko du, diagnostikoa konfirmatzeko. Emaitza hau ezezkoa bada, mediku endoskopistak berak adieraziko du emaitza. Emaitza baiezkoa den kasuetan gaur egun abian dauden klinika gidei jarraituko diete.
Maiatzetik aurrera 9.200 lagun gonbidatuko dituzte Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Aramaion. 2012an programa Bergarara, Elgetara eta Antzuolara zabalduko da.
Oñatin jaso diren emaitzak:
- Gonbidatutako lagunak: 2.500.
- Parte hartzea: 1.831 (%73,3).
- Baiezko test-ak: 118.
- Kolonoskopiak: 105.
- Arrisku handiko adenomak: 27.
- Kartzinomak: 5.