Estatuaren abokatuak aurkeztu du Bilduren zerrenda guztien kontrako inpugnazioa

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko apirilaren 27a

"Koalizioa ETAren estrategiaren barruan" dagoela dio eta Batasunak "kutsatu" egin dituela zerrendak. Fiskaltzak bihar, eguena, joko du Auzitegi Gorenera, eta honek larunbat gauerdia baino lehen hartuko du erabakia.

"Eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu Espainiako Gobernuak, egon behar ez duena udal eta foru hauteskundeetan egon ez dadin". Hala jakinarazi du Alfredo Perez Rubalcaba gobernuko presidenteorde eta Barne ministroak.

Polizia txostenetan oinarrituta, Espainiako Estatuaren abokatuak gaur, eguaztena, 13:00etan, aurkeztu du Auzitegi Gorenean EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen duten Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda guztien aurkako inpugnazioa. Haren arabera, "Bildu ETAren estrategian dago", Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak "kutsatu" egin ditu maiatzaren 22ko udal eta foru bozetako zerrendak, eta "Batasuneko hautagai gehiago daude beste alderdietakoak baino".

Fiskaltzak bihar joko du auzitegira, Bilduren zerrenda denen kontra egiteko. Hark ere argudiatuko du "koalizioa ETAren estrategiaren parte" dela, eta "zerrendakide batzuek Batasunarekin harremanak" izan dituztela.

Espainiako Auzitegi Gorenak bi eguneko epean erabaki beharko du zerrenda horiek baliogabetuko dituen edo ez, eta epe horretan bertan aurkeztu ahalko dituzte alegazioak inpugatutako zerrendek ere. Erabakiaren berri jakin eta gero, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango dute aldeek, eta Auzitegi horrek maiatzaren bosta baino lehen eman beharko du erantzun bat; biharamunean abiaraziko da hauteskunde kanpaina.

Patxi Lopez: "Erabaki zaila hartu behar du Justiziak"

Bilduren zerrenden inpugnazioaren harira, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du "oso erabaki zaila” hartu behar duela  Justiziak, bere esanetan, EA eta Alternatiba ez daudelako "kutsatuta", baina "ezker abertzaleko independenteekin" aurkeztu direlako. Edonola ere, epaileek hartzen dituzten erabakiekiko "errespetua" eskatu du.

Maria Dolores de Cospedal: "PPri esker gertatu da hau"

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du "gustura" daudela Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak Bilduren zerrendak inpugnatuko dituztelako, eta gaineratu du "PPri esker" gertatu dela hori. Auzitegi Gorenak Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren eskaera babestea espero du orain Cospedalek.

Koalizioa bera inpugnatzeko aukerarik ez

Zerrenden kontra egingo dute, banaka-banaka, koalizioa bera inpugnatzeko aukera ez duelako jasotzen Alderdien Legeak. Horrek ika-mika sortu du azken egunetan PSOEren eta PPren artean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak