Turismoa euripean

Irati Goitia 2011ko apirilaren 24a

Aterkiak eta zirak soinean zituztela ikusi ditugu gaur, domeka, turista gehienak. Hala ere, euriari aurre egin eta bisitari ugari zebilen Arantzazun eta Arrikrutzeko kobetan, adibidez. Kataluniar askorekin egin dugu topo. Hain zuzen, Oñatiko turismo bulegotik adierazi digute Kataluniatik etorri dela jende gehien.

Aste Santuko oporraldia aprobetxatuta jende dezente etorri da gurera. Bisitari gehienak bi edo hiru egunerako etortzen dira eta bertako herriak ikusteaz gain, Euskal Herriko beste hainbat toki bisitatzeko ere aprobetxatzen dituzte egunok. Askok hirietara edo kosta aldera jotzen dute egun pasa.

Hainbat bisitari aurkitu ditugu gaur Oñatin:

Feli Pagan Feli Pagan: Bartzelona
Lau egunetarako etorri gara eta hainbat toki bisitatu ditugu: Bilbo, Gernika, Bermeo, Donostia eta gaur Oñati. Herriko unibertsitatea eta eliza ikusi ditugu, oso politak iruditu zaizkit. Euskal Herria zoragarria iruditu zaigu. Niri batez ere Guggenheim museoa gustatu zait. Bihar goizean goiz irtenda etxerako bidea hartuko dugu.

 

Maria Esteban

Maria Esteban: Bartzelona
Nire amarekin batera, antolatutako bidaia baten etorri naiz. Hainbat toki bisitatu ditugu eta gaur Oñatira etorri gara. Goizeko 10:00ak inguruan iritsi gara eta unibertsitatea eta eliza ikusi ditugu. Niri elizako erretaula zoragarria irudi zait, duen urre kolorearengatik. Oso ondo pasa dut bidaian.


Rafael ManzanoRafael Manzano: Tarrasa
Hainbat egun daramatzagu hemen eta toki ezberdinak bisitatu ditugu, adibidez: Bilbo, Bermeo eta Lekeitio. Gaur Oñatira etorri gara, oso polita zela esan ziguten-eta. Herriko alde-zaharra ikusteko asmoa dugu eta ostean Arantzazura eta kobetara joango gara. Tamalez, gaurkoa da gure azken opor eguna.
 

Bilbotik etorritako ume taldeaBilbotik etorritako ume taldea
Bilbotik etorri gara inguru hauetara egun batzuk pasatzera, Legazpin dugu ostatua. Gaur Arrikrutzeko koba ikustera etorri gara eta asko gustatu zaigu.

 

Ismael IbazetaIsmael Ibazeta: Kalaorra
Kalaorratik gatoz, baina bizkaitarrak gara. Eguna pasatzera etorri gara. Aspaldi da Arantzazun egon gabe geundela eta inguru hau nola dagoen ikustera etorri gara, oso aldatuta dago. Gero Oñatira jaitsiko gara unibertsitatea ikustera. Eguna pasa ostean, berriz itzuliko gara etxera.
 


Asun GarciaAsun Garcia: Iruñea
Egun pasa etorri gara Arantzazura. Oraingoz, paseotxo bat eman dugu inguruan eta orain sartuko gara santutegira. Arratsaldean zer egingo dugu ez dakigu oraindik, herria ikusiko dugu, akaso.

Balorazio ona

Oñatiko turismo bulegotik adierazi digute ibili dela jendea herrian. Eguneko bi bisita gidatu eskaintzen dituzte eta guztietan izan da jendea. Gaur, adibidez, ez-ohiko bisita bat ere egin dute goizean. Horrela, bakarra egin beharrean, bi egin dituzte goizean.

Edurne Gorostidi bulegoko arduradunak esan digu gainera, aurtengoan hainbat jendek oporrak aurreratu dituela eta aurreko asteko zapatutik izan dituztela bisitariak. Horrela astelehenean jende dezente ibili zela adierazi digu. Egun jendetsuena, baina, eguena izan zela esan digu; atzokoa berriz egun motelena.

Aurtengoan, euskaldunak baino, kanpokoak gehiago izan direla ere esan digu: "2009 eta 2010ean krisiaren ondorioz, izan genituen turista gehienak bertakoak izan ziren. Aurten, kanpoko jendea etorri da gehiago, batez ere Kataluniatik".

Arrikrutzeko kobetan ere jende ugari ibili dela esan digute. Gaur goizean adibidez, 12:00etako bisitan 22 pertsonako taldea sartu da kobetara eta 13:00etako bisitan 28 pertsonakoa. Egun jendetsuenak eguena eta egubakoitza izan zirela adierazi digute kobetako langileek. Haitzuloa ikustera animatu direnen artean, gehienak euskaldunak izan direla ere gaineratu digute.

Arrkrutzeko kobak

Bergaran ere ibili da jendea eta bisita gidatuak ere egin dituzte, gaur goizean bat, adibidez.

Leintz-Gatzagan dagoen Gatz museoan berriz, ez da horrenbeste bisitari ibili. Nahiko egun motelak izan direla adierazi digu Aitziber Gorosabel museoko arduradunak: “bisita gidatuetan bi edo hiru pertsona izan ditugu soilik, asko jota bost pertsonako taldea eratu dugu”. Gehienbat bailarako herritarrak joan direla esan digu, baina Nafarrak eta Valentziakoak ere izan dira. Egun jendetsuena egubakoitza izan zen.

Arantzazun argazkia ateratzen


Arantzazuko turismo bulegoko langileek adierazi digute ibili dela jendea, batez ere euskaldunak. Hala ere, balorazio bat egiteko goiz dela esan digute, oraindik biharko eguna falta da-eta. Gainontzeko tokietan ere, balorazio orokorra egiteko, martitzenera arte itxaron behar dela esan digute.

Landetxeak ia beteta

Oñatiko Arregi landetxea beteta egon dela esan digu Luis Arkauz jabeak. Euren ostatuan denetariko jendea egon dela adierazi digu: Galizia, Madril, Katalunia, Valentzia eta baita Austriako bat ere. Gehienek bi edo hiru egun egin dituztela esan digu: "eguaztenean etorri ziren gehienak, eta gaur alde egingo dute ia guztiek".  Lasaitasun bila etortzen dira hona, paisaia asko gustatzen zaie esan digu.

Arregi landetxea

Arantzazu hotela ere ia beteta egon dela esan digute. Etorri diren gehientxuenak euskaldunak izan dira eta bi edo hiru egunerako hartu dute ostatua. Hala ere, bost egunerako etorri direnak ere egon direla esan digute.

Antzuolako Ibarre landetxea beteta izan da; Todelo, Katalunia, Zaragoza eta Burgosko jendea izan da bertan. Landetxeko jabeak esan digu aurreko astean ere izan zutela jendea ostatuan; oporrak aurreratu zituzten kataluniar batzuk.

Eskoriatzako Azkoaga hotelean ere izan dute jendea, besteak beste: Suitzakoak, Italiakoak eta Frantziakoak. Azken orduko erreserbak izan direla esan digute eta egun borobilena atzokoa izan zela. Gaur ia guztiek etxerako bidea hartu dutela adierazi digute.

Bergarako Lamaño-Etxeberrin ere izan dira turistak; bertakoak baino konpakoak gehiago (Katalunia, Madril edo Galiziakoak). Eguena, egubakoitza eta zapatua izan dira egun borobilenak.

Arregi landetxean

Leintz Gatzagako Soran hotelean, berriz, ez dute jenderik izan. Oso egun txarrak izan direla adierazi digute, bertara ez dela turistarik iritsi gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak