Gipuzkoako Foru aldundiak eta euskarazko toki telebisten elkarteak, Tokikok, lankidetza hitzarmena sinatu dute produkzio zentro bakarraren proiektua garatzeko. Goiena telebista Tokiko elkarteko kide da.
Foru aldundiak 180.000 euroko laguntza bideratuko du, Krisiaren aurkako Planaren barruan, lurraldearentzat estrategikoa den ekimen honetarako.
Produkzio zentro bakarra
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ion Aldanondo Euskarazko Toki Telebisten Elkarteko (Tokiko) ordezkariak lankidetza hitzarmena sinatu dute PZB-Produkzio Zentro Bakarra proiektua garatzeko.
Hitzarmenaren arabera, "proiektuaren helburua izango litzateke toki telebista bakarretik kudeatzea ekoizpenari dagozkion saio guztiak eta saio horiekin sareko programazio bat osatzea egunero".
Foru aldundiak Krisiaren Aurkako Planaren testuinguruan kokatzen du proiektuari bideratuko dizkion 180.000 euroko laguntza. Markel Olano diputatu nagusiaren hitzetan, "lehentasunezkotzat jotzen dugu kultur inbertsioak sustatzea eta euskaraz sortutako edukien eskaria eta eskaintza orekatzeko proiektuak diseinatu eta ezartzea".
Euskara eta kultura bultzatu
Foru aldundiaren laguntza zabalagoa den asmo batean kokatzen da, eta krisiaren testuinguruan, euskara eta kultura sustatzera bideratu diren bestelako hitzarmenak sinatu ditugu.
Besteak beste, Elhuyar Fundazioarekin, hizkuntzen industriarako ikerketa-zentro bat sortzeko bideragarritasuna aztertzeko; Jakingunearekin, digitalizazio proiektu bati ekiteko; Berria egunkariarekin, euskarazko hedabideen alorrean teknologia berrietan oinarrituta, enpresa funtzionamenduko eredu berri bat sustatzeko, edota Elkar Fundazioarekin, euskarazko edukiak ekoizteko eta zabaltzeko.
"Foru Aldundiaren lehentasuna izan da euskal edukien sorkuntza, ekoizpena eta hedapena proiektu lehiakorren bitartez sustatzea, eta gaur sinatu dugun hitzarmenak bat egiten du, gai honi dagokionean, Gipuzkoak duen erronkareki" adierazi du Olanok.
Euskarazko toki telebisten sektorea indartu
Tokiko Telebisten sarea Goiena telebistak, Goierri Telebistak, Erlo Telebistak eta 28. Kanalak osatzen dute eta elkartearen helburuak honakoak dira:
- Euskal Herriko euskarazko tokiko telebisten jarduna indartzea, bazkideei lagunduz eta berriak sortzeko urratsak bultzatuz.
- Tokiko telebisten sektorean euskararen presentzia bermatzeko eta indartzeko politika eraginkorrak bultzatzea.
Garatzera doan proiektuarekin, toki telebista bakoitzak, ohiko kontinuitateari loturik beste kontinuitate orokorrago bat izango luke. "Kontinuitate berri bat sortuko litzateke eta horri tira eginez osatuko litzateke telebista bakoitzak duen programazioa. Ekoizpen propioko programazioa izango litzateke okiko elkarteko telebiston programazioaren ardatza, baina sareko programazioaz ondua", azpimarratu du Ion Aldanondok, Toki Telebisten Elkarteko ordezkariak.
Programazio komuna
Produkzio Zentro Bakarraren proiektuak, inbertsioak eta gastuak murrizteaz gain, diru-sarrera berriak ekarriko ditu eta baita honako helburuak bete ere:
- Programazioa modu antolatuan egitea eta abiapuntutzat produkzio zentro bakarra izatea.
- Lan egiteko modu berri bat bideratzea, malgutasuna eskainiz, denbora aurreztuz eta produktibitatea gehituz.
- Artxiboa. Gaur gaurkoz ondarea ondo zainduta izatea oso garrantzitsua da. Sistema honen inplementazioak estandarrei egokitutako artxibo sistema egokitzea ekarriko luke.
- Gipuzkoa izango dugu lan-esparru natural. Eta Gipuzkoa jokaleku izateko elkartuko gara lau telebistak.