Debagoieneko bost herritan aurkeztuko da Aralar udal hauteskundeetarako, eta bostetako zerrendaburuak izan dira Intxortako Atean: Arrasateko Joxe Etxeberria, Bergarako Juanje Amasorrain, Oñatiko Miren Arregi, Aretxabaletako Inaxio Garro eta Elgetako Oxel Erostarbe.
Aintzane Ezenarrok adierazi du bakea ukitzear gauden honetan, bakeak atzera bueltarik izan ez dezan zer egin galdetu beharko diogula gure buruari. Hala iraganaren irakurketa kritikoa egin beharra ere azpimarratu du, eta gaineratu ezin dela aurrera begiratu atzeko zauriak argitu eta errekonozitu barik. Aralarren bide hori egiten ari direla ere gaineratu du.
Ezenarroren ustez, herri mailan egiteko nagusia da kultura politiko berri bat lantzea, elkarlanerako beste modu bat, bere esanetan, gorroto eta errebantxarik gabea. Gaineratu du baina, kultura politiko berri horren ezker abertzalearen erreferente argi bat beharrezkoa dela, eta horixe dela Aralar.
Batu bai, berdindu ez
Esan du baita ere PP-PSOEren aurrean herri honen izaera, hizkuntza, kultura eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenenkin indarrak batzeko prest daudela; beharrezkoa dela abertzaleen arteko indarrak batzea, baina ez abertzale guztiak berdintzea.