Eguaztenean –apirilak 20– argitaratuko dituzte hautagaitza guztiak lurraldekako buletinetan eta egubakoitzean –apirilak 22– probintziako hauteskunde batzordeak balizko irregulartasunen berri emango du. Hilaren 25ean zerrendak aldarrikatuko dituzte eta hurrengo egunean –apirilak 26– argitaratuko dituzte Espainiako buletin ofizialean.
Hilaren 28tik aurrera aurkeztu ahal izango dira zerrenden aurkako helegiteak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 20ra arteko epea izango du balizko inpugnazioei buruzko erabakiak hartzeko.
Federico Trillo PPko Justiziako koordinatzaileak aurreko astean esan zuen Bilduren zerrenda guztien kontra egiteko akordioa lortu duela Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta barne ministroarekin. Zerrendak aurkeztuta, Espainiako abokatutza eta fiskaltza hasi dira lanean zerrenda horien kontra egiteko. Koalizioko iturriek diote, aldiz, zerrenda guztiek beteko dutela legedia.