1. Zein zaporetakoa gogoratzen duzu zure haurtzaroa?
Zaporea eta usaina oso batera doazen bi gauza dira. Zentzu horretan, uda hasiera markatzen zuten piper egosien usaina gogoratzen dut.
2. Mediku izatea zen zure asmoa. Non okertu zen bidea?
Ez dakit okertu edo zuzendu egin zen. Gaztetan, lagunekin etorkizunari buruz berbetan, lagun batek komentatu zidan sukaldea hainbeste gustatuta Madrilen sukaldaritza eskola bat zegoela. Iritzia aldatuta joan nintzen etxera eta ia bihotzekoak eman zien!
3. Euskal sukaldaritza berriaren sustatzaileetako bat izan zinen. Berria izaten jarraitzen du?
Orduko eta oraingo sukaldaritzak ez dute zerikusirik. Baina berria izaten jarraitzen du espiritu bera dugulako; ikasteko, berritzeko gogoarekin jarraitzen dugulako.
4. Euskal sukaldariak ikusita, badirudi lagun koadrila bat zaretela.
Lagunak gara, baina eztabaida handiak ere baditugu. Adiskidetasuna gailentzen da, eta hori da transmititu dugun balio handiena: elkarrekin elkarren kontra baino gehiago lortzen dela.
5. Inoiz jan duzu McDonald'sen?
Kasu berezi baten, ezkutuan joan nintzen, eta, hemendik 800 kilometrora egon arren, mostradore ostekoak ezagutu egin ninduen; donostiarra zen! Tarteka joateko ez dago gaizki.
6. Sukaldari batzuei entzunda, badirudi ingeniaritza espazialaz dabiltzala. Beharrezkoa da hainbeste konplikatzea?
Beharrezkoa ez da ezer, baina egia da norberak zerbait egin behar duela bere lanbidean etorkizuna egiten joateko.
7. Ehunka errezeta erakutsi dituzu telebistan. Hainbeste plater egin ditzake norberak etxean?
Horiek eta gehiago! Behar dena da gustatzea eta bere balio eskalan gastronomia lehen postuetan egotea.
8. Zenbat pisatzen dute hiru izarrek?
Gauza bakarrak pisatzen du: kentzeko beldurrak. Nik ez dut ezer berezirik egin eman zizkidatenetik. Argiñanok esan zidan: "Ez aldatu ezer, eman badizkizute egin duzunagatik izan da-eta!".
9. Akelarren bezeroek aukera dute platerak nola prestatzen dituzuen ikusteko. Hori ez da magoak bere trukuak erakustea?
Ez, guztiz kontrakoa; nik uste dut askoz gehiago estimatzen dela. Ikusten da trukurik ez baina atzetik sekulako lana dagoela. Eta, azkenean, jendeak ikusi ez balu baino askoz gehiago estimatzen du.
10. Etxean nor da sukaldari nagusia, zu ala emazte Ada?
Ospakizunetan nik markatzen ditut pautak eta neu aritzen naiz sukaldean. Egunerokoan, emaztea.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Deabruarekin ere berba egingo nuke gure etorkizuna goranzko etorkizuna izan dadin; etorkizun adeitsua, non mundu guztia sartu ahalko den eta non harreman ona eta giro ona egongo diren".