Eustatek dioenez eta El Diario Vasco egunkariak bere edizio digitalean argitaratzen duenez, Araban daude biztanleko BPG handiena duten hiru bailarak: lehenengo, Arabako Errioxa, 188ko indizearekin: horren arrazoietako batzuk dira hango ardo-industria eta populazio dentsitate txikia. Bailara horretan, Guardiak (352) eta Eskuernagak (231) dituzte emaitza onenak. Erreferentzia-balorea 100 da.
Bigarren eta hirugarren daude Zuiako Koadrila (181) eta Añanako Koadrila (162). Laugarren, Debagoiena dago (132), Gipuzkoako lehena, hortaz; eta bosgarren, Durangaldea (122).
Eustatek azaltzen duenez, eskualde horietan guztiotan industriak pisu handia dauka balio erantsian: portzentaietan, %55 (Euskadiko batez bestekoa da %27,9). Zerbitzuek pisu txikiagoa dute (%35; Euskadiko batez bestekoa, %62,2).
Herri aberatsena, Zamudio
Herrika, ordea, Bizkaia da buru zerrenda horretan: Zamudiok du biztanleko BPG handiena (975); gero, Olaberriak (906), Zierbenak (876) eta Legutiok (573).
Estatistika erakundeak azaltzen du lehen hiru herriek lehenengo sektore "oso oso txikia" dutela. Zamudiok zerbitzu sektorea du indartsuena (%49,2), eta gero, industria (%47,1), biak hango Parke Teknologikoaren jarduerari lotuak. Ostera, Olaberrian eta Zierbenan industriak %85 inguruko pisua du, eta zerbitzuek hurrenez hurren, %15,6 eta %9,1ekoa.