Irteera operazioa martxan bihartik

Irati Goitia 2011ko apirilaren 19a

Aste Santuko oporraldia dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak operazio berezi bat abiatuko du bihar arratsaldeko ordu batean. Helburua errepidetako segurtasuna eta arintasuna bermatzea izango da.

Aste Santuan Euskal Autonomia Erkidegoan 450.000 joan-etorri inguru egingo direla aurreikusi du Trafiko Zuzendaritzak eta errepideetan segurtasuna bermatze aldera, Ertzaintzak dispositibo berezi bat abiatuko du.

Irteera fasea bihar arratsaldeko 13:00etan hasiko da eta gau erdira arte iraungo du. Biharamunean, egubakoitzean, jarraituko du operazioak goizeko 8:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte.

Itzulera fasea, bestalde, apirilaren 25ean izango da, astelehena, arratsaldeko 15:00ak eta gaueko 24:00ak bitartean. Gipuzkoan, itzulera fasea hurrengo egunera arte –apirilak 26ra arte- luzatuko da, izan ere mugaz bestaldera igaroko diren kamioien zirkulazioa egun horretan baimenduko da berriz ere.  

Operazioak iraungo duen egunetan Ertzaintzak zainketa lanak areagotuko ditu eta 200 agente inguru jarriko ditu segurtasun eta ikuskapen lanetan.

Era berean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operadore gehiago jarriko ditu lanean eta telefonoaren bidez gidariei ematen zaien informazioa ere areagotu egingo du. Informazioa eskuratzeko: 902112088 edo www.euskadi.net/trafikoa.

Halaber, zama handia edota material arriskutsuak dituzten ibilgailuei zirkulazioa mugatuko zaie joan-etorri gehien espero diren egunetan.

Trafiko Zuzendaritzaren eskutik errepidearen gaineko informazio jaso ahal izango dute auto-gidariek beraz, eta baita hainbat gomendio ere, besteak beste:

- Komeni da bidaia era egokian planifikatu eta zirkulazio handieneko orduetan errepidera ez irtetea. 

-  Ibilgailua behar bezala prestatzea.

-  Bidaia asteazken gaua eta Ostegun Santua bitartean ez egiten saiatzea, mugimendu handieneko orduak izango direlako.

- Abiadura bide bakoitzera eta eguraldi baldintzetara egokitzea.

- Lasai gidatzea eta bidaian zehar bi ordutik behin atseden hartzeko geldialdiak egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak