Zelan baloratzen duzu ETAren azkeneko ekintza?
ETAk bizirik jarraitzen du; hori bagenekien. Baina argi dago ETAko kideek ez dutela borondate argirik armak uzteko. Estatua, batik bat Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, ez daude su-etenean. Gure lana da legea bete eta betearaztea, gaizkileak atxilotu eta epailearen aurrera eroatea. Frantziako polizia ere horretan ari da.
Ezker abertzaleak esan du gertaera larria dela eta su-eten konpromisoarekin bat ez datorrela.
Kuriosoa izan da ezker abertzalearen mundutik komunikatu ezberdinak heldu izana. Ezker abertzaleak argi eta garbi esan du gaitzesten duela ekintza hori eta ETAri bide horretatik ez jarraitzeko eskatu dio. Eta, bestetik, ikusi ditugu EA eta Alternatiba, bi alderdi demokratiko, aurrekoak baino epelago. Intentzio elektoral bat dago horren atzean.
Sortuk gaitzespen garbia adierazi du jendarmearen tiroketa dela-eta.
Sortu eta ezker abertzalea ari dira urrats garrantzitsuak egiten. Baina Auzitegi Gorenaren epaian ikusi genuen epaileak mesfidati direla ezker abertzalearen benetako borondatearen inguruan. Demokraziarako urratsak egitea, legea betetzea, indarkeria gaitzestea… hori da beti eskatu dioguna ezker abertzaleari, eta, hori egiten badu, lortuko du Sortu erregistratzea eta legezko izatea. Eta demokraziak irabaziko du.
Zelakoak dira sozialisten eta popularren arteko harremanak?
Bion artean sinatutako itunak oso helburu garbiak zituen eta helburu horiek betetzen ari gara. Balantzea positiboa da. Eta solidoa. Etorkizuna dauka, gainera. Askotan, pertsonen artean harreman onak izatea da garrantzitsua eta Lopezen eta Basagoitiren arteko harremanak onak eta zintzoak dira, alderdien ideologien gainetik.
ETAren biktimak bere probetxurako erabiltzen ditu PPk?
Guk uste dugu auzitegiei ez zaiela presiorik egin behar. Bestetik, Zapaterori edo Rubalcabari buruz, terrorismoaren biktimen manifestazioan, Madrilen, esan zirenak erabat injustuak iruditzen zaizkit. Inoiz baino hobeto gaude, hilketa gutxirekin, ETA inoiz baino ahulago, ezker abertzalea mugitzen dabil demokraziara etortzeko… Hori da beti nahi izan duguna. Biktimak aintzat hartu behar dira, haien ahotsa entzun, justizia egin behar da haiekiko… baina haien zeregina ez da politikan jardutea.
Eusko Jaurlaritzan PPrekin daukazuen ituna beste udal eta foru aldundietara zabalduko duzue hauteskunde ostean?
Alderdi guztiak goaz hauteskundeetara irabaztera. Eta ez da oso komenigarria hauteskundeen aurretik berba egitea bozketa osteko paktuen gainean. Herritarrek zer bozkatzen duten ikusi behar da lehenbizi. Eta, biharamunean, emaitzak aztertu eta erabakiak hartu behar dira. Argi dago, edozelan ere, aldaketaren alde gaudela, eta, horretarako, batekin edo bestearekin egin ditzakegu hitzarmenak. Sozialistok edozein alderdirekin egin ditzakegu hitzarmenak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan, Lopezek esan zuen ez zuela hitzarmenik PPrekin.
Beti pentsatzen duzu bakarrik goberna dezakezula, baina emaitzak jartzen zaituzte dagokizun tokian. Saiatu ginen jeltzaleekin gobernatzen, baina ez zuen aurrera egin.
Zein da Lopezen Jaurlaritzak euskal jendarteari egin dion ekarpenik nagusia?
Krisi handi baten erdian egon eta aurrekontu murrizketa handia egin behar izan arren, euskararekiko laguntzei eutsi diegu. Euskal kultura euskal jendarte osoari zabaldu diogu. Lehen, euskal kulturaren kontzeptua zen euskaraz egiten dena bakarrik. Eta gaztelaniaz egiten dena ere bada euskal kultura. Halere, euskarak babes berezia behar du.
Euskobarometroak erakutsi du herritarrek ez dutela begi onez ikusten Jaurlaritzaren jarduna.
Gobernu gazte samarra gara. Bestetik, gobernu batek gobernatu egin behar du, erabakiak hartu behar ditu egunero. Baina garrantzitsuena da herritarren eta herriaren alde lan egitea. Hori da gure helburua: Euskadi etorkizunerako prestatzea arlo guztietan. Krisi une hau aprobetxatu behar dugu hori guztia egiteko. Zaila da denen gustukoa egitea. Jakina, herritarren iritzia kontuan hartu behar da eta gauzak aldatu behar badira, aldatu.
EITBren audientzia datuak ez dira oso onak izan.
EITBk denona izan behar du. Hala sentitu behar dugu. EITB autogobernuaren funtsa da. Baina etorkizuna edukitzeko, zer aldatu behar dugun, gastuak zela murriztu behar ditugun, erabaki behar dugu. Zama handia da EITB gastu aldetik.
Euskararen Aholku Batzordearen osaketagatik kritika handiak entzun behar izan dituzue.
Euskararen Aholku Batzordea izan behar da tokia berba egiteko euskararen etorkizunaz. Euskara 21 dokumentua oso garrantzitsua da. Gobernu kontseiluan sarri aipatzen dugu euskararen etorkizunak erabileraren aldetik etorri behar duela, ez bakarrik jakintzatik. Belaunaldi berriak elebidunak dira, hori lortu dugu, baina orain lortu behar dugu euskaraz egitea, kaleetan entzutea... Erakunde publikoetatik herritarrak euskaraz egitera gonbidatu, lagundu, motibatu egin behar ditugu.
Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide da, baina hark esana du, publikoki, bost axola diola euskararen etorkizunak.
Ona da Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordean egotea. Haren ekarpenak garrantzitsuak izango dira eta, bestalde, Juaristirendako ere, Aholku Batzordean egotea ona izango da. Batzordea plurala da, eta hori ona da euskararendako.
Jaurlaritzaren apustua garbia da euskararen, euskarazko hedabideen, euskal kulturaren alde?
Bai. Aurrerapausoak egin ditugu. Atzera begiratzen badugu, argi dago hobeto gaudela. Euskarazko telebista publikoaz gain, Goiena bezalakoak ere badaude, unibertsitatea euskalduntzen dihardugu… Herri administrazioan erabilera bultzatzen ari gara lanpostuetan euskara erabiltzeko.
Noiz izango ditugu epaiketak euskaraz normal?
Horixe da nire kezka nagusietako bat. Lortu dugu Donostian esperientzia pilotua egitea banaketa epaiketa batean. Non epailea, prokuradoreak, abokatuak, funtzionario guztiak, diren euskaldunak. Orain arte, justizia administrazioan lan handia egin da. Izan ere, epaile euskaldun asko daude.