Han ikusi genituen, era berean, Rafa Uribarren, Arantza Tapia eta Carlos Ormazabal diputatuak; Lore Leanizbarrutia EAJko senataria Madrilen; ibarreko EAJko hainbat alkate ohi, zinegotzi eta zinegotzi gai, eta alderdikide. Guztiek berretsi zuten lurraldearekin, eskualdearekin, herriekin eta herritarrekin duten konpromisoa eta nabarmendu zuten abertzaletasunak batu beharra daukala, pupularren eta sozialisten "fronteari aurre egiteko". Aurkezle lanetan aritu zen Ainhoa Galdos Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EAJren hautagaia Deba-Urola barrutitik eta Oñatin zinegotzi izatez gain, datozen hauteskundeetarako zinegotzi gai izango dena.
Honako hauek izango dira EAJren alkategaiak Debagoienean: Juan Karlos Garitano, Arrasaten; Aintzane Oiarbide, Bergaran; Lourdes Idoiaga, Oñatin; Mikel Uribetxebarria, Aretxabaletan; Aitor Urrutia, Eskoriatzan, eta Antzuolan eta Patxi Basauri Elgetan. Antzuolan ez dute zerrendarik aterako eta Aramaion oraindik ez dute erabaki.
Debagoiena eredu
Krisitik ateratzeko Zapatero eta sozialisten politika "populista eta inposatzailearen" aurrean, planifikazioan eta agenteekin elkarlanean egindakoa aldarrikatu zuen Olanok. Debagoiena ezagutzaren, berrikuntzaren eta ikerketaren eredu jarri zuen. Eta hemengo euskarazko hedabideak eta kultur ekimenak ere eredugarri jarri zituen. Egibarrek, azkenik, politikoen zein herritarren arteko elkarbizitza beharrezkoak direla azpimarratu zuen.
Hautagaien iritziak
Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu nagusi izateko hautagaia
"Bakea behar dugu; izan ere, horrek eta normalizazio politikoak sekulako bultzada eta arnasa emango bailizkioke abertzaletasunari bere proiektu politikoa aurrera ateratzeko. Testuinguru honetan, PP-PSOEri aurre egiteko, oinarri komun batzuk finkatu beharko genituzke abertzaleok, erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta gure arteko zatiketa saihestu".
Juan Karlos Garitano, EAJren Arrasateko alkategaia:
"Errespetua eta elkarbizitza nabarmenduko nituzke, eta krisia gainditzeko kudeaketa egokia: errekurtsoak optimizatu eta gastu arruntei eutsi, inbertsioak egin ahal izateko. Eta hurrengo urteetarako denon artean Arrasateko plan estrategikoa egin".
Lourdes Idoiaga, EAJren Oñatiko alkategaia:
"Pertsonekin eta pertsonendako lan egin gura dut, zementuari horrenbesteko garrantzia eman barik, gizarte politikak bultzatuz. Oñati, bizigarriagoa, irisgarriagoa, pertsonen neurrikoagoa. Eta gazteen eta kulturazko ekimenak bultzatzeko laguntza eskaini".
Patxi Basauri, EAJren Elgetako alkategaia:
"Hiru ardatz nagusi: 1. Industriagunea indartu. Elgeta 21 berrindartu, azkeneko lau urteotan moteldu egin da-eta, herrira enpresak ekartzeko. 2. Kirol instalazioak hobetu. 3. Gas faktura murrizteko, konpainiekin birnegoziatu eta gas naturala ekartzen ahalegindu".