Lasterketak izugarrizko maila izango du. Esaterako, iaz Bergaran garaile izan zen Mario Gonzalezek Europako eta Munduko txapelketetan hamar postuen barruan sartzea lortu zuen erlojupekoan, eta bigarren izan zen Carlos Anton Jimenez, Europako txapelketan seigarren sailkatu zen. Hala, Gipuzkoako Klasikoaren palmaresa ere izen handiz beterik dago, besteak beste, Iban Mayok eta Alejandro Valverdek irabazi izan dute-eta proba hori.
Debagoieneko ordezkarien artean, Ulmakoak, Sumofic-Lokatzakoak eta Dorletako Amakoak egongo dira proban. Lokatzakoek bi talde aurkeztuko dituzte, bakoitza bosna txirrindularirekin. Eta iaz moduan, aurten ere lasterketan protagonista izateko asmoarekin joango dira. Dorletako Ama barruan, berriz, Mugarri-Jay taldekoek ere baieztatu dute zapatuan Zumaiako irteera puntuan egongo direla. Gatzagako ziklistak ere denboraldi txukuna egiten dabiltza aurten, eta besteak beste Alex Aranburu eta Iker Eskibel aurrealdean ibili dira lasterketetan.
Eneko Lizarraldek Egian podiuma
Bestetik, joan den astean Eneko Lizarraldek 3. postua eskuratu zuen Egiako lasterketan (argazkian). Hodei Orobengoa eta Jokin Etxabe 11 eta 12. eta Beñat Etxabe eta Xabier Gallastegi, 14. eta 15. postuan sailkatu ziren. Lehenengo 20 sailkatuen artean egon zen, baita ere, Iker Eskibel (Mugarri-Jay) zortzigarren, eta 20. izan zen talde bereko Adrian Ugalde. Ulmako ziklista onena Aitor Umerez izan zen, 22. postuan.