Industria Sailaren esanetan, Txinako erakundeek Txinan inbertitzen jarraitzeko eskatu diote Mondragon Korporazioari, eta horretaz gain, unibertsitateen arteko harreman handiagoa bilatuko dute.
Sailburua bihar bertaratuko da Mondragon Korporazioa buru den enpresa-parkera; enpresa parke horren hedadura 265.000 m2 da, eta finkatutako 11 enpresa, 1.000 langile eta 170 milioi euroko inbertsioak ditu.
Gaur, Unda sailburuak Txinako hainbat agintarirekin batzarra eta bazkaria izan ditu. Bilera horretan beste hainbat pertsonak ere hartu dute parte, zehazki, honako hauek izan dira: Plangintza eta Estrategiako sailburuorde Pedro
Gómez Danborenea, SPRIren Txinako ordezkari Miren Madinabeitia, SPRIk Pekinen duen bulegoaren arduradun Mikel Yang, Mondragon Korporazioko lehendakari Jose Mari Aldekoa, Mondragon Korporazioko lehendakariorde Iñaki Otaño, Mondragon Korporazioko Nazioarte-saileko arduradun Josu Ugarte, Korporazioaren Asiako arduradun Germán Lorenzo, eta Mondragon Korporazioaren Txinako korporazio-ordezkari Jimmy Yang.
Ikasle-elkartrukea
Euskadiren teknologia-ahalmenaren jakinaren gainean daudela frogatu dute Txinako agintariek, eta baita bi eskualde horietako unibertsitateen eta teknologia-zentro eta enpresen arteko akordio bat (enpresetan trebakuntza
duten ikasleen elkartrukea faboratzeko) lantzeko interesa adierazi ere.
Jiangsu-ko erakundeek Mondragon Korporazioak Txinan duen txertatze-maila handia nahiz botere teknologikoa balioesten dute. Horri dagokionez, talde kooperatiboko arduradunei eskakizun bat helarazi diete, Asiako herrialde
horretan inbertitzen jarraitzeko eskakizuna, hain zuzen ere. Orobat, Mondragon Unibertsitatea tokiko unibertsitateekiko lotura bilakatzeko prest daudela adierazi dute, proiektu horretan Euskadiko beste hainbat unibertsitate ere sar daitezkeela alde batera utzi gabe.
Jiangsu-ko erakundeek garrantzi bereziki handia eman diete zenbait gairi, hala nola energiarekin eta iraunkortasunarekin loturikoei, Txinan duela gutxi onetsitako bost urteko planaren zutabeetako bat baita arestian adierazitakoa.
Euskadiko enpresak Txinan
Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Mondragon Korporazioko zuzendariekin batera, Jiangsu probintziako Kunshan hirira joango dira bihar, Txinako bidaiarekin jarraitzeko. Bertan, Euskadiko taldea buru den enpresa-parkea
bisitatuko dute, baita instalazioen handiagotzea ere. Gainera, toki horretan txertatutako Euskadiko enpresa batzuetara ere bertaratuko dira.
Urriko enpresa-misioaz geroztik (lehendakaria izan zen misio horren buru) gauzatutako jarduerak errepasatu ditu sailburuak. Orain arte, industrialde bat sortzeko 1. eta 2. faseak amaitu dira; industrialde horren hedadura 265.000 m2 da, eta finkatutako 11 enpresa, 1.000 langile eta 170 milioi euroko inbertsioak ditu.
Laugarren faseak, bestalde, Txinan inbertitzea erabaki duten Euskadiko lau enpresaren proiektu berriak ditu mahai gainean dagoeneko. Konpainiek eman behar dituzte ezagutzera beren proiektuak. Hasiera batean guztira 85 enplegu sortuko dituztela aurreikusi dute.
Danobat Group-ek, 30 milioiko kontratuak
Mondragon Korporazioko beste kide bat, Danobat Group, ere indartsu dabil Asiako erraldoiaren lurretan. Izan ere, denetara 30 milioi balio duten bi kontratu itxi berri ditu han, bat Sany enpresarekin eta bestea Yawei firmarekin. Horren berri jaso du Bernabe Undak bere biraren barruan; izan ere, Danobat Group eta Fagor Automationeko ordezkariekin –beste batzuen artean– izan zen joan den astelehenean.
Undaren bira bihar bukatuko da, Mondragon Korporazioaren enpresa-parkearen bisitarekin.