Hirurogeiko hamarkadan gertatu ziren kasu gehienak, baina 70ekoak eta 80ko bat ere badaude. Gurasoei esan zieten euren haurra hil egin zela erditzerakoan, baina zenbait kasutan ez dute hori frogatzen duen dokumentaziorik eta beste batzuetan dokumentazio hori ez da argia.
Horregatik aurkeztu dute salaketa pertsona hauek, jakin nahian eurena jaio ondoren era irregularrean adopzioan emateko lapurtutako haurren kasuetako bat ote den.
Auzi honetan Gipuzkoako hogei ospitale daude oraingoz eta, esan bezala, Bergaran eta Arrasaten ere badira bakoitzean hiru salaketa. Kasurik gehienak Donostian eta Tolosan gertatu ziren ustez.
Haurra lapurtu zieten susmoa duten gurasoak eta jaio berritan lapurtuak izan ziren susmoa duten hainbat lagun DNA frogak egiten ari dira, elkarren artean kointzidentziarik aurkitzen duten ikusteko.