Erradiografia digitalizatuak, gaixoaren hobe beharrerako

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 14a

Debagoieneko ospitalera ere ailegatu da Osakidetzaren berrikuntza garrantzitsu bat: erradiologia irudi gehienak modu digitalean egiten eta lantzen dituzte orain. Izan ere, Osakidetzak 2008ko uztailean aurkeztu zuen Irudiak Digitalizatzeko Berrikuntza Teknologiko proiektua, eta Arrasateko ospitalera otsailaren 26an ailegatu zen. Orduan ezarri zen, ospitaleko profesionalek lan egiteko modu berria ikasi zuten eta ohitzen joan ziren; gaur egun, horrela lan egiten dute, salbuespen gutxi batzuekin.

Hala, betidanik ezagutu ditugun plakak, oro har, iraganeko kontua dira dagoeneko –nahiz eta kasu gutxi batzuetan oraindik ezinbestean erabili egin behar dituzten.

Erradiografiak orain modu digitalean egiten dituzte, baina baita bestelako irudi batzuk ere: eskanerrak, mamografiak, ekografiak eta antzekoak.

Informazio guztia, batera

Ospitaleko mediku Martin Aperribaik Goiena telebistarendako hitz egin zuen eta, Julen Iriondori azaltzen dionez, denondako mesedea da sistema berria. Batik bat, pazientearendako: "Askoz azkarrago egiten da dena. Lehen, erradiografia egin eta gero, bost bat minutu itxoin behar izaten zuen aldagelan, erradiografia errebelatu arte eta ea ondo zegoen egiaztatu arte. Orain, irudia atera eta dagoeneko joan egin daiteke pazientea", azaltzen du.

Beste onurarik ere badauka pazientearendako: "Diagnostiko hobea eta fidagarriagoa egin dezakegu medikuok, eta modu samurragoan. Izan ere, orain erradiografia egin eta ordenagailuan daukagu momentuan bertan; eta ordenagailuak ematen digu aukera irudiaz jokatzeko: distira eta kontrastea aldatu, alderdi jakin bat gehiago nabarmendu, irudia handitu eta zati txiki bat hobeto aztertu, neurketak egin…", esaten du Aperribaik.

Ez hori bakarrik: erradiografien bideak ez du zertan bukatu egin diren ospitalean. Aperribai doktoreak honela azaltzen du: "Erradiografia guztiak barne-sarean gelditzen dira gordeta. Handik, adibidez, Debagoieneko ospitalean ikus dezakegu Santiagoko ospitalean edo beste baten ateratako erradiografia bat. Bestalde, anbulatorioko familia-medikuak ere ikus ditzake bere pazientearen erradiografiak bere ordenagailuan". Modu horretara, pazienteak ez du erradiografiarekin alde batetik bestera ibili beharrik, horrek dakartzan trabekin.

Gainera, erradiografia ez dutenez ezabatzen, pazienteak ez dauka X-izpi gelatik irudi berdina ateratzeko bi aldiz pasatu beharrik: informazio guztia sarean gordeta geratzen da.

Sare berri horrekin, Osakidetzako erabiltzaile bakoitzak bere identifikazio-kodea izango du, eta beraren gaineko informazio guztia batera gordeko da. Orain arte, informazio mota bakoitzeko kode bat zegoen, eta gainera, osasun-zentro bakoitzak bere kode sistema zeukan.

Medikuen arteko sarea

Sistema berri horrekin, lehen arretako medikuak, familia-medikuak, momentuan bertan ikus ditzake interesatzen zaizkion erradiografiak, lehen baino kalitate handiagoarekin, eta beste medikuenganako edo erradiologoenganako harremana askoz estuagoa da.

Debagoieneko Eskualde Ospitaleak apustu egin du, hain zuzen ere, lehen arretako medikuen eta mediku espezializatuen artean pazientearenganako arreta integral sarea osatzearen alde. Horrek esan nahi du helburua dela paziente bakoitza atenditzen duten medikuek euren artean konpartitzea informazio guztia, eta pazientearen inguruko informazioa bion eskura egon dadin. Horrela, urte askoan oso ohikoak izan diren egoerak saihestuko dira: alegia, pazienteak berak azaldu beharra –behin baino gehiagotan, gainera– bere tratamenduari dagokion informazioa hainbat medikuri. Bada, honako aurrerapen berria bide horretatik doa.

Ebakuntzetarako, plakak

Arrasateko ospitalean oraindik badaukate betidanik erabili izan duten erradiografien gela, bere makineriarekin. Hantxe egiten zituzten erradiografiak, eta, gero, pazienteak han itxoin behar zuen irudiaren negatiboa errebelatzen zuten bitartean. Txasis batzuetan kapturatzen zuten irudia eta horiek prozesu kimiko baten bidez errebelatu behar izaten zituzten, likido batzuekin.

Hori hasierako sistema zen. Gero, hobetu egin zuten hura: inprimagailua baten bidez ateratzen zituzten, eta likidoen bidez egin beharreko errebelatu prozesua saihestea lortu zen horrela.

Orain, hirugarren pausoa eman dute: irudi halogeno bat lortzen dute eta hori irudi digital bihurtzen dute.
Edozein modutan, oraindik plaka zaharrak ez dira guztiz baztertzekoak, eta zenbait kasutan haiek erabiltzen jarraitzen dute: "Osakidetzako zentrook elkarrekin sarean gaude, baina paziente asko dauzkagu Lagun Arokoak, edo beste zentro pribatu batzuetakoak; hortaz, horien kasuan oraindik plakak egin behar izaten dira", esaten du Martin Aperribaik.

Beste kasu jakin batzuetarako ere plakak beharrezkoak dira oraindik: "Ebakuntza-geletan oraindik ez dago erradiografia digitalizatuak erabiltzeko behar den ekipamendua. Traumatologian ere lan-karga handia izaten dute, eta sail hori ere egokitu egin behar da", esaten du Aperribai doktoreak. "Asmoa da hurrengo hilabetean egitea aldaketa", gaineratzen du.

Teknologia digitalak beste abantaila bat ere ematen du, hor zubi-lana egiten lagun dezakeena: CDan edo antzeko euskarri baten irudiaren kopia grabatu daiteke. Helburua da CDak erabiltzea Osakidetzaren saretik kanpo. Aperribai doktoreak esaten duenez, leku askotan –Onkologikoan, Donostiako poliklinikan…– dagoeneko erabiltzen dituzte CDak.

Kontuan hartu behar da "pazientea dela bere erradiografien jabea", Martin Aperribaik esaten duen moduan. Hortaz, etorkizunean berak jaso ahal izango du bere erradiografia digitalizatua; "horrela, beste mediku batengana jo nahi badu, edo Osakidetzatik kanpoko zentroren batera, CDa eraman ahal izango du".

Ahotsa ere, digitalizatu

Irudia ez ezik, ahotsa ere gorde daiteke sarean, teknologia berriarekin; izan ere, ahots-oharrak ere egin ditzakete medikuek. Martin Aperribai medikuak honela diosku: "Hori beste abantaila bat da. Lehen, txostenak ahots-grabagailuarekin grabatzen genituen, eta gero idazkariak transkribatu egin behar izaten zituen". Orain, berriz, tresna informatiko bat daukate medikuek: ordenagailuari konektatutako mikrofono baten bidez, txostena diktatu egiten dute, eta automatikoki idatzita, zuzenduta, artxibatuta eta izenpetuta gelditzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak