Garraiolarien greba deialdia bertan behera geratu da

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 14a

Espainiako garraiolari autonomoek hilaren 15erako deitu zuten greba deialdia bertan behera geratu da, Espainiako Sustapen Ministerioarekin eta kargatzaileekin (euren bezeroekin) akordioa egingo dutela iragarri ondoren. Hiru sindikatuak, Euskal Herriko garraiolari autonomoen ordezkariak, akordio asmo hori kritikatu du.

Hitzarmen hori hilaren 19an sinatuko dutela esan dute Espainiako garraiolari autonomoen Fetransa sindikatuko ordezkariek, eta esan dute, edozein kasutan, greba egitekotan horren ondoren, hilaren 20an izango dela; hain justu, Eguen Santu bezperan, Hego Euskal Herrian eta Espainian langile gehienok Aste Santuko oporrak hasten dituzten egunean.

Hain zuzen, hitzarmen horren bidez, Sustapen Ministerioa konprometituko da Fetransak eskatzen dituen lege-erreformak hastera, sektorean gertatzen diren arau-husteek ondorio administratiboak izan ditzaten. Fetransak aipatzen ditu honako puntuak: eurek egindako zerbitzua, gehienez ere, 30 eguneko epean ordain diezaieten; eta gasolioaren prezioa handitzen bada, horrek isla izan dezala euren kontratuetan. Horiek guztiak 2008ko ekainean garraiolariek egin zuten grebaren ondoren onartu ziren.

Hiru sindikatuak, bere aldetik, esan du hitzarmen horretan ez dela batzen kargatzaileendako inongo betebeharrik, eta ez dela sektoreak behar duen irtenbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak