Jon Urtzelai: "Lesiotik errekuperatzen nabil, eta oraindik maila ona eman dezakedala uste dut"

Xabier Urtzelai 2011ko apirilaren 14a

Realeko harrobiko jokalaria da Jon Urtzelai (Oñati, 1977). Talde txuri-urdinean bi generazio emankorren tartean egotea tokatu zitzaion Oñatikoari,  Aitor Lopez Rekarteren eta Agustin Arantzabalen generaziokoak apur bat nagusiagoak ziren, eta Mikel Aranburu eta Labakaren generaziokoak, gaztetxoagoak. Realean ez zuen maila gorenera salto egiteko aukerarik izan, baina futbolean kirol ibilbide oparoa izan du. Azken denboraldi hau, baina, gogorra izango zen, seguru, urte erdi lesionatuta egoteaz batera Eibarren leku barik geratu delako; ez du hor jarraituko.

Zer moduz zaude?
Ondo, geroago eta hobeto. Egubakoitzean taldekideekin entrenatu ahal izan nuen, eta horrenbeste denbora min hartuta egon ostean, –ligako zazpigarren jardunaldian lesionatu zen– errekuperatze lanetan bakarrik entrenatzen ibili ostean, pozgarria da taldekideekin berriro ibiltzea, nahiz eta erritmo motelagoan izan.

Zelan eramaten da sei hilabete geldi egotea?
Egia esan, lesioekin zorte handia izan dut, hau izan delako larriena. Gogorra den arren, nahiko ondo eraman dut geldi egon behar izana.

Lesio hau zer izan da, futbol ibilbidean gainditu beharreko koska bat gehiago, ala erakutsi dizu futbolari agur esateko ordua geroago eta gertuago dagoela?
Futbol ibilbidean koska asko egoten dira, eta niri 34 urterekin iritsi zait lesio hau. Baina, ebakuntzaren ostean ikusten nabil ondo errekuperatzen nabilela, eta oraindik maila polita eman dezakedala. Denboraldi amaieran ikusiko dugu futbolean jarraitzeko ze aukera ditugun.

Adin horrek ematen duen beteranotasuna balio handikoa izan daiteke defentsaren erdian jokatzen duen jokalari batendako.
Hala da, eta lehen esandako moduan, ez naiz lesio asko izan duen jokalari bat. Gainera, ebakuntza eginda pubisak ez luke arazo gehiago eman behar. Badakit ondo jarriko naizela, eta joko-erritmoa hartuko dudala berriro ere; soka luzea geratzen zaidala uste dut.

Atezainaren ostean, zentralak izaten du taldea berdegunean kokatzeko ardura
Bai, eta urteek aurrera egin ahala geroago eta garbiago dut hori dela nire lekua, hor esperientzia behar delako. Uneoro jokalarien posizioa zuzentzen ibiltzen den horietakoa naiz.

Sekula ez zaizu burutik pasa atzerrira joatea?
Gazteago nintzenean bai, eta arantza horrekin geratuko naiz. Murtzian nengoela AEBtara joateko aukera izan nuen. Egia esan, ni B plana nintzen, Aitor Karanka fitxatzea zelako Colorado Rapids taldearen asmoa, eta hala egin zuten.

Urte hauetan guztietan, zer eman dizu futbolak?
Gauza asko. Hasteko, nire ogibidea izan da, futbolari esker bizi izan naiz. Horrekin batera lagun mordoa egin ditut futbolari esker. Eta, bizitzarako baloreak ere eman dizkit: errespetua, sakrifikatzen jakitea, talde lanean jardutea...

Eta zer kendu?
Gauza dezente, jendeak uste duena baino gehiago. Futbolariok beti izan dugu ondo bizi garen fama, baina hor ere denetik egongo da, batzuk besteak baino hobeto biziko dira (Barre). Batez ere beste edozein gaztek egin ahal izan dituen gauza asko ezin egin izana, koadrila planak..

Ondoan izan duzun jokalari onena?
Murtzian egon nintzen urteetan izan nituen maila oneneko jokalariak: Iban Alonso, Julio Alvarez, Rayoko kapitain Michel...

Eta miresten duzun jokalari bat?
Mikel Aranburu esango dut. Hala, San Juanetan etortzen denean barre apur bat egingo dugu. Benetan, sekulako jokalaria da, Anoetan kritikak jaso izan ditu, baloiak galtzen dituela-eta. Baina, hori etengabe eskaintzen den jokalaria delako da, ez da inoiz ezkutatzen. Onena, duda barik.

Eta, ze jokalarik eman dizu lan handiena?
Murtziarekin debut ederra izan nuen... Lagunarteko partidua jokatu genuen Werder Bremen talde alemaniarraren kontra, eta Klose eta Charisteas markatzea tokatu zitzaidan. Partidu hartan biek egin zuten gol bana; hasteko modu ona izan zen [Barre].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak