Joan den astean ere aurreratu genuen Garraldak eta Mendizabalek jokatutako finalerdia final aurreratua zela, eta atzo, martitzena, finalean berretsi zen hori. Etcheverri baino pilotari osoagoa da Mendizabal, beste abiadura bat du, eta gainera, Mendizabal ondo ezagutzen duten Aitor Elkorok eta Aritz Berraondok partidu ostean adierazi ziguten orain momentuan gorputzaldi oso onean dagoela. Kantxan begibistan geratu zen hori.
Hasieratik aurretik
Astelehenean bertan Harmailatik saioan Aitor Mendizabalek aurreratu zuen Iparraldekoari zelan egin behar zion min: "Ezkerrarekin ez da horren ondo moldatzen", eta ezkerrera bota zion, hasieratik, Mendizabalek. Baina ez zegoen horren taktiko izan beharrik, bestela ere gehiago zen. Finalerdian ez moduan, Mendizabalek tiroa moduan hasi zuen partidua (5-0), sakez min egin zuen, eta korrika egitera behartu zuen kontrarioa, 8-3koan, esaterako. Etcheverrik tanto gutxi egin zituen, gehiago izan ziren Mendizabalen hutsak.
Azpimarratzeko, Aiherrakoak egin zuen tantoa 20-6koan. Hirugarren koadro eta erditik, ezker eskuaz errekorte ederra egin zuen, pilota txapa baino hiru zentimetro gorago utziaz. Txaloak harmailetan. Ez ziren, noski, arratsaldeko lehenengo txaloak izan, baina aurreko gehienak Antzuolakoarendako izan ziren. Etcheverrik arnas apur bat hartu zuen orduan, eta bi tanto egin zituen jarraian (20-8) –biak Mendizabalen hutsak–.
Aiherrakoak orduan zuen markagailua apur bat txukuntzeko aukera, baina tantoa azkar amaitu nahi izan zuen, beste errekortada batekin; arratsaldeko azken oparia izan zen (21-8). Txapelaren jabea, baina, aspaldi zegoen erabakita.
Garralda, hirugarren
Finalaren aurretik Garraldak eta Victorren jokatu zuten hirugarren postuagatik. Hura ere ez zen aparteko partidua izan, baina sikiera, indarrak parekatuago egon ziren. Partiduaren lehen zatian, bai, behintzat (15-13). Minutuek aurrera egin ahala Garraldak gora egin zuen, eta Victorrek behera. Eta, partidu hori ere uste baino azkarrago utzi zuten erabakita, Garraldaren alde (22-13).