Oñatiko Errekalde Autozerbitzuak dendako Matea Jimenezek duela hilabete eta erdi ezagutu zuen Arantzazuko Ama Birjinaren sagar-ura eta dendan salgai ipintzea erabaki zuen. "Gozoak eta pastak saltzen dizkigun mutil batek ekarri zigun botila. Oso kuriosoa iruditu zitzaigun eta banaka batzuk hartu genituen saltzen ziren edo ez ikusteko; eta bai, saltzen dira. Azken asteotan ia astero-astero ekartzen ditugu zortzi bat botila. Jendeari asko gustatu zaizkio eta batez ere oparitarako eramaten dituzte". Sagar-ur osasuntsua da, gainera, Arantzazuko Amarena, ez dauka-eta alkoholik: "Botila ikusita, jende gehienak pentsatzen du likorea dela, baina ez, sagar-freskagarri baten modukoa da. Freskagarria eta oso gozoa da".
Murtziatik Euskal Herrira
Jumillako (Murtzia) Bodegas de Lampa enpresak ekoizten ditu botilok eta beste Ama Birjina batzuen botilak ere egiten dituzte: Arratekoa eta Conchakoa (Zamora), esaterako.
Diseinu erakargarria
Atentzioa emateko moduko botilak dira Arantzazuko Amarenak. Aurreko partean leiho bat ipini diote eta atzeko partean itsatsita dagoen Ama Birjinaren irudia ikusten da leihotik. Efektu optiko bitxia ematen du horrek. Gainera, botilaren atzeko aldean Oñatiren historia kontatzen duen testu txikia gehitu dute.
Orain arte ezagutzen genituen Arantzazuko Ama Birjinaren postalak, kateak, medailatxoak... Sagar-urarekin, merchandising-a zabaltzen doa.