"Benetako aldaketa" eta "benetako demokrazia", Bilduren eskutik

Ubane Madera 2011ko apirilaren 9a

Mertxe Aizpurua (Gipuzkoa), Asier Vega (Bizkaia), Itziar Ameztoi (Araba) eta Maiorga Ramirez (Nafarroa). Horiexek dira gaur arratsaldean Bildu koalizioak publiko egin dituen hautagaiak. Debagoienekoak "apirilaren 18an jakinaraziko ditugu, justu-justu, zutoina miazkatzen", adierazi dio GOIENAri Pello Urizar EAko idazkari nagusi arrasatearrak. Izan ere, apirilaren 18a da zerrendak aurkezteko legeak uzten duen azkeneko eguna.

Lehenago, baina, ez ditu izenik aurreratu gura izan, nahiz eta 50 hautagaik parte hartu Bilduren gaurko aurkezpen ekitaldian, Kursaalen. Tartean, gainera, gure ibarreko aurpegi ezagun askoak ere izan dira: Pello Urizar arrasatearra bera, Lore Martinez aretxabaletarra, Ander Rodriguez arrasatearra… "Hor egon arren, guztiak akaso ez dira hautagaiak izango. Batzarretatik pasa aurretik ezin da ezer esan. Apirilaren 18an jakinaraziko ditugu, ordurako dena lotuta izango dugulako, gauzak ondo egin nahian", gaineratu du Urizarrek.

Demokrazia eta aldaketa

Kontuak kontu, "benetako demokrazia" eta "benetako aldaketa" Bilduren eskutik etorriko direla, horixe nabarmendu dute Kursaalen egin duten ekitaldian. Ordubete inguruko ekitaldia izan da, eta aretoa lepo bete da. Bilduren haria gizarte osora zabaltzeko mezua ere helarazi dute.

Eusko Gudariak eta Internazionala abestu dituzte ekitaldia amaitzeko eta kalejiran atera dira. "Pentsa, dantza ere egin behar izan dut amaierako kalejiran, baina giro ederra izan dugu", kontatu du Pello Urizarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak