Juan Jose Ibarretxe: "Aukera itzela" ikusten du, baina aukera hori aprobetxatzeko "ezinbesteko" ikusten du tentsio intelektuala eman behar dela. Hala ere, irtenbidea egon badagoenaren konbentzimendua erakutsi du Lehendakariak, nahiz eta era berean, oztopo handiak ikusi. Bestalde, Euskal Herriko eta oro har munduko bake prozesuetan emakumearen parte-hartzea beharrezkoa ikusten du Ibarretxek, gizarteko kide diren neurrian. Eta gainera, ikusita emakumeek parte hartu ez duten bake prozesu guztiek porrot egin dutela.

Mario Zubiaga: Berradiskidetzerako bidean lehen urratsa Historiaren edo gertaeren interpretazio guztiak ezagutu beharra derrigorrezko ikusten du EHUko irakasleak. Uste du errealitatea ulertzeko bi modu daudela: espainola eta euskalduna. Eta helburua bi modu horiek modu demokratiko eta ez biolentoan uztartzea dela. Horrez gainera, gatazkaren jatorriaren arrazoiekiko "amnesia" edo "memoria ahula" eta aldiz, "biktima guztien sufrimenduarekiko memoria indartsua" aldarrikatu ditu, eta gaineratu "gerra pentsamenduak" gailendu behar ditugula.

Margarita Robles: Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuaren ustez euskal gatazkaren konponbidea euskal gizarteak gidatu behar du ezinbestean, Espainiako tutoretza eta inposatze nahien gainetik. Argi ikusten du etorkizuna gizarte demokratiko eta ez biolentoan oinarrituta izan behar dela, "norberak bere ideiak beldurrik gabe adierazteko". Eta dei egin die euskal gizarteko eragile, elkarte, gazte eta orokorrean herritarrei "bizimodu demokratikoa berreskuratzeko" motor izan daitezen.

Juan Pablo Fusi: Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Historia Garaikidearen katedradunak euskal gizartearen aniztasuna azpimarratu du, "Euskadi gauza asko da batera", esan du. Hori oinarri, Estatutu konpromiso berria proposatu du, Gernikako Estatutua oinarri hartuta, behin betirako euskal izatearen definizio integratzailea txertatuko duena. Azpimarratu du bi egun hauetan egindako gogoeta jardunaldiek erakutsi dutela posible dela pentsamendu desberdina duten pertsonek elkarren artean berba egitea.