Amaia antzokia lepo, MUren diploma banaketan

Ubane Madera 2011ko apirilaren 9a

Dotoretasunak eta gaztetasunak bete zuten atzo, egubakoitza, Amaia Udal Antzokia, Mondragon Unibertsitatearen diploma banaketa ekitaldian. 261 ikasle zeuden deituta ikasketa amaieraren diplomak har zitzaten. Seinaka taula-gainera igo eta pozik eta harro jaso zituzten diplomak, guraso eta lagunen txalo artean.

Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaletarrak egin zuen ekitaldiko hitzaldia. Bizimoduan eta lanean jarduteko kalitatea eta profesionaltasuna aldarrikatu zituen mendizale ezagunak, gaur egun geroago eta gehiago gailentzen den gailurra egitearen garrantziaren parean.


"Mendia ez da gailurra. Gailurra osagarria da. Inportanteena bidea da: gauzak zela egin, zela jaitsi, zela igo…Inportanteena bidegintza da", azpimarratu zuen, eta gomendatu filosofia bera aplikatu beharko litzatekeela gure egunerokotasunean.

"Igoerarik xumeenak ere abenturarik itzelenak izan ditzake eta edozein lanbidetan bila daiteke abendura, lana emozioz egin daiteke", bukatu zuen hitzaldia, ikasle diplomadun berriei zorionak eman eta zorte ona opa aurretik.

Iñurrategirekin batera, diplomak banatzen unibertsitateko ordezkariak izan ziren: Bixente Atxa politeknikoko zuzendaria, Josu Zabala errektorea, Jon Altuna Politeknikoko idazkaria, Jesus Mari Gaztañaga Goierriko campuseko zuzendaria eta Jose Ramon Goikoetxea, politeknikoko lehendakaria. 

Diploma eskuratu zuten ikasleen artean, berriz, nabarmentzekoa da urtetan mutilen ikasketak izan diren arlo teknikoetan geroago eta neska gehiago ikusten dela, atzoko ekitaldian ikusi zen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak