Animalia bati tratu txarrak ematea edo hura hiltzea merke ateratzen da gaur egun indarrean dagoen legediarekin. Legedia gogortzea helburu duen herri ekimeneko kideen esanetan doan ere atera dakioke tratu txar emaileari. Animalien kontrako indarkeria hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorrarekin zigortzen omen da, baina aurrekaririk ezean kartzela zigorrik ez eta 300 euro soileko isuna, sarri ordaindu ere egiten ez ei dena. Herri ekimenekoek Hego Euskal Herria eta Espainiako gainerako erkidegoen artean 150.000 sinadura biltzea dute helburu, apirila amaitu aurretik Diputatuen Kongresura bidaltzeko. Itxaropentsu dira, aurreko eguenean, adibidez, 400 sinadura batu zituzten Arrasaten, eta gaur goizekoa ere martxa onean zihoan. Animaliekiko tratu egokiago baten alde dena.
Jasotako tratu txarrengatik ezagun egin den Esnausi izeneko txakurraren ebakuntzak ordaintzeko dirua batzen ere ari dira, kamisetak eta bestelakoak salduz eta jendeari borondatea eskatuz. Diru bilketa ere ondo omen doa. Dirua behar dute Esnausirentzat, eta maitatuko dituzten jabeak hura bezala abandonatzen dituzten hainbat eta hainbat animaliarentzat.
Arrasatekoaren ostean, datorren eguaztenean Aretxabaletan egingo dute sinadura bilketa, eta bihar zortzi Oñatin.