Itsasoa ez badator Debagoienera…

Leire Kortabarria 2011ko api. 8a, 02:00

… Debagoiena joango da itsasora: hori pentsatuko zuten ozeanoa maite duten bailarako hainbat lagunek. Itsasoarekin lotutako lan edo zaletasunak dituzte Javier Egidazuk, Olatz Lazkanok, Iñaki Fernandezek eta Jose Luis Abuinek.

Horiengan guztiongan, itsasoak duen erakartzeko eta amets eragiteko indarra handia da. Hala,  zetazeoak babesteko Ambar elkartean boluntario dabilen Olatz Lazkanok onartzen digunez, itsasotik urruti dagoenean haren falta igartzen du; bestetik, Jose Luis Abuin arrasatearrak 10 urte darama belauntzi baten jabe izaten, bazkide batekin, eta ahal duen guztietan irteten da nabigatzera. "Ni masajista naiz, lau pareta artean lan egiten dut, eta belauntzian irtetea, itsasoa, justu horren kontrakoa da", kontatzen digu.

Denetarako, baimen beharra

Baina itsasoa dagoeneko ez da askatasun osoaren sinonimoa; hala, kapitain izandako Javier Egidazu arrasatearrak esaten digu gaur egun kapitainak ez duela "lehengo askatasuna"; lehen Iparrizarrak, ilargiak, mareek eta korronteek zuten tokia gaur egun "lurreko bulego handi batek" hartu du, lehorretik hartzen direlako itsasontzia kontrolatzeko erabakiak, berak dioskunez.

Eta ekintza guztietarako –nabigatzeko, belauntzi baten zein txalupa baten; urpean igeri egiteko; arrantza egiteko…– gaur egun ikasketa batzuk egin behar dira, eta dagokion titulua edo baimena atera.
Bi motatako ikasketak daude: ekintza profesionalei dagozkienak eta ekintza ludikoei dagozkienak. Profesionaletan, Pasaian dago eskola nautiko ezagunenetariko bat; eta EHUren eskola Portugaleten dago. Ekintza ludikoetarako –edozein motatako ontzia gobernatzeko baimena ateratzeko– ere horietan egin daitezke ikasketak, eta non egin ere aukera zabalagoa dago: Bilbon, Donostian, Hondarribian… Bestalde, urpean igeri egiteko baimenerako ikasketak ematen dituzte Mutrikun edo Getarian, adibidez.

Javier Egidazu: Eskola zaharreko itsas-kapitain arrasatearra

Arrasatearra da Javier Egidazu, eta Gatzagan bizi da, baina itsasoa izan du lanbide eta bizileku ere, denbora luzean. Izan ere, 20 urte zituenean itsaso lanean hasi zen. Mundu osoko itsasoetan ibili ondoren –merkantzia-ontzietako eta gas-ontzietako kapitaina izandakoa da–, orain Pasaiako portuko pilotua da. Miren Arregi kazetariak elkarrizketatu zuen Goiena telebistarako.

Txikitan zuen itsasoarekiko erreferentzia bakarra osaba zela diosku; hark erakusten zizkion filmetatik eta argazkietatik piztu zitzaion itsasoarekiko grina. Gero, Portugaletera joatea erabaki zuen, hango Nautika Eskolara, itsas-kapitain ikasketak egitera. Eta eskolatik, itsasora: "Pilotu atera nintzen lehenengo; petrolio-ontzietan, gero merkantzia-ontzietan, gas-ontzietan…". Baina nonbait hori nahikoa ez, eta eskolara bueltatu zen beste bi urte, kapitain titulua ateratzeko. "87an irten nintzen kapitain, eta hainbat barkutan ibili nintzen. Gasa garraiatzen, barku handietan, urte askotan ibili naiz". Eta baita mundu osoan ibilitakoa ere: Pertsiar Golkoan, Afrika mendebaldean, Australian, Karibe aldean… Orain Pasaian dabil, hango portuko gidari.

Lanbidea asko aldatu da

Eskola zaharreko itsasgizona dugu Egidazu: "Batez ere gazte sasoian, irteteko eta bidaiatzeko modu bat zen. Ibiltzen nintzen sei hilabete kanpoan, bi etxean… eta azkenaldian, hiru kanpoan eta hiru etxean". Lanbidea asko aldatu dela dio: "Lehen zailtasuna zen barkua kokatzea: itsas zabalean, izarrei begira eta egiten zen. Gero eguraldia-eta kontuan hartu behar ziren. Gaur egun, barkuak dira bulego handiak, beti lurrean dagoen kontrol baten menpean. Teknifikazioak ekarri duen pobrezia bat da; jaitsi egin da bizi-kalitatea barkuan. Izan ere, gaur egun, kapitain batek ez dauka lehengo askatasuna bere erabakiak hartzeko. Lan merkatu hori orain merkeagoa egin da. Eta, bestalde, europarrak itsasotik aldentzen ari gara", esaten du.

Iñaki Fernandez: Urpean harrapatutakoa, hori da arrain goxoena

Bere esanetan, gurean "gero eta gehiago" dira itsaspeko arrantza egiteko zaletasuna dutenak. Izan ere, behin probatuta, zaila da bertan behera uztea, Iñaki Fernandez arrasatearrak dioenaren arabera: berak dagoeneko 23 urte darama itsaso azpiko arrantza egiten.

Zaletasuna zelan piztu zitzaion kontatzen digu: "Txikitatik erakarri izan nau arrantzak, eta gida-baimena atera nuenean, kostaldera joaten hasi nintzen. Egun baten, Zarautzen nengoen, nire kainaberarekin, eta hara non ikusten ditudan mutiko koskor batzuk itsasora salto egiten; bada, bi minututan, txoko (sepia) mordo batekin irten zuten. Orduan esan nion nire buruari, neuk ere hau egin behar dut!"

Esan, eta egin: ekipamendua segituan erosi zuen eta ikasten hasi zen.

Hasieran, azaltzeko zaila

Gerora, inguruko jende gehiagori ere "kutsatu" zion denbora-pasa hori, baina "hasieran, barrualdekoak izanda, zaila da etxean azaltzea uretan sartu behar zarela zure hobby-a egiteko". Baina gerora, eskertu ere egin diote: "Sekulako aldea dago guk harrapatzen ditugun arrainen eta dendan erosten direnen artean", esaten digu. Berak ere beldurra gainditu behar izan zuen: "Hasieran, itsasertzetik urruntzeak beldur pixka bat ematen du, bai".
Neguan, itsasautsi inguruan ibiltzen dira, eta udan, 17-20 metro sakon ere bai. Txalupan joaten dira haraino. "Muxar handiak, lupiak, txelbak (doradak), itsas aingirak… arrantzatzen ditugu", Iñakiren hitzetan.

Merezi duen inbertsioa

Zaletasun garestia den galdetuta, Iñakik esaten digu "zaletasun guztiak adina" dela: gero eta material hobea erosten joan da bera, baina gustura egin du inbertsio hori.

Olatz Lazkano: Izurdeen eta baleen artean, lehorrean baino poziago

Baleen, izurdeen eta euskal uretako bestelako itsas-animalien inguruan lan egiten du boluntario gisa Olatz Lazkano arrasatearrak. Orain geldialditxo bat egin du, ama ardurak betetzeko, eta "desiratzen" dago itsasoko lanera bueltatzeko. Debagoiendarra izan arren, kostaldekoei gertatzen zaien bezala, itsasotik urruti dagoenean "faltan igartzen" duela onartzen digu. "Lankideek kontatzen dutena ez entzutea gurago dut, inbidia ematen didalako", komentatzen du.

Txikitan, gurasoekin oporretan joaten zenean, dagoeneko urpean ibiltzen zen, hoditxoarekin. Gerora, Biologia ikasi zuen. "Orduan jakin nuen Ambar elkartea zegoela, baleekin eta izurdeekin lan egiten zuena, eta horko kide egin nintzen. 22 urte nituen".

Bilbo-Portsmouth ferryan

Ambar elkartearen helburua da itsas-fauna babestea, ikerketak eginez eta animaliok babesteko ekintzak bultzatuz. Besteak beste, zetazeoak, pinnipedoak eta itsas-dortokak begiztatu egiten dituzte. Baita irteerak egin ere, eta dibulgazio lana egin horietan joaten zen jendearekin. Lazkanok azaltzen digu beste proiektu garrantzitsu bat: "Urteetan beste proiektu bat: Bilbo-Portsmouth ferrya hilean behin ibiltzen zen; bada, han joan eta ikusten genituen animaliak zenbatu eta haien zentsua egiten genuen".

Kostaldea eta barrualdea, gertuago

Herrikideei hasieran "arraro egin zitzaien jakitea hemen badaudela izurdeak eta baleak; pentsatzen zuten kanpoan bakarrik zeudela". Lazkanoren esanetan, Ambarren bitartez egiten den dibulgazio lanak hutsune hori betetzen lagundu du.

Oro har, baina, "kostaldekoen eta barrualdekoon artean ez dago elkar ez ezagutzerik dagoeneko; distantziak ez dira handiak gaur egun".

Jose Luis Abuin: 10 urte belauntzi baten jabe

Jose Luis Abuin arrasatearrak belauntzia dauka Hondarribian, bazkide nafar batekin. "Karabana erostea modukoa da: bertan bidaiatu dezakezu, lo egin…", dio.

Euskal kostaldean ibiltzen dira: "Bi edo hiru orduko irteerak egiten ditugu, Hondarribian bertan, edo Donibane Lohitzuneraino joaten gara, gero Donostiara… Joan den udan, Coruñaraino joan ginen. Egin dugun bidaia luzeena izan da".

Bere esanetan, "bigarren eskuko belauntzia erosita, mantenua norberak eginda… ez da bereziki garestia".
Bi bazkideok eurekin bat egin nahi duen jende gehiagoren bila dabiltza. (Jose Luis Abuinen telefonoa: 639 02 47 14).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak