1. Lasarte Donostia zen garaikoa zara. Lasartearra ala donostiarra?
Lasartear donostiartua. Niretzat Lasarte beti izan da herria, haurtzaroarekin lotutakoa. Aspaldian, baina, harreman handia galdu dut.
2. Behin baino gehiagotan esan duzu musikari frustratua zarela.
Tronpeta jotzen saiatu arren, amore eman nuen nire belarri txarragatik. Baina idazlearen abantaila da edozer gertatuta ere, horri buruz idatz dezakezula, eta hala egin dut nik ere.
3. Euskal idazle gaztea. Noiz arte iraungo dizu azpititulu horrek?
Behin Juan Gartziak esan zidan: "Kexatu egiten zara idazle gazte deitzen dizutelako? Okerragoa izango da deitzen ez dizutenean". Momentua hasi da iristen, eta arrazoi zuen!
4. Idazteko orduan ze presentzia du irakurlearen figurak?
Garrantzitsua. Norberaren buruan daude irakurleak. Nik burubatzarra deitzen diot: erabakiak hartzeko jende asko dago gure barruan. Horiek dira lehen irakurleak, irudikariak, baina benetako pertsonengan oinarrituak.
5. Inoiz zuk idatzitakorik irakurri ez badut, zerekin hastea gomendatuko zenidake?
Neguko zirkoa, narrazio laburren liburua. Bereziki gustuko dut genero hori, eta hor daude ibilbide luzeen duten ipuinak.
6. Zuzenbidean ikasitakoak izan zaizkizu inoiz baliagarriak idazterakoan?
Pentsatu nahi dut baietz. Legeak eta sententziak idaztean, hizkuntzaren anbiguetatearekin eta zehaztasunarekin jokatzen da, eta horrek balio du literaturarako.
7. Irakurtzen dituzu zure liburuen gaineko kritikak?
Bai; eszeptizismo puntu batekin, baina bai. Zaila da distantziatzea, baina zaila da baita ere kritika on zein txar batek idazleari esatea berak ez dakien zerbait. Onak txarrak baino lehenago ahazten dira; txarrak urtetan gera daitezke hor, kritikariei hala ez iruditu arren.
8. Zer eskatzen diozu liburu bati?
Zirrara bat sortzea, iraungo duena eta nire munduarekiko jarrera zalantzan jarri edo pixkatxo bat aldatuko duena.
9. Telebistako gidoietan bada literaturarik?
Gutxi, edo oso ezberdina. Badirudi eleberri baterako edo telebistarako elkarrizketak egitea antzekoa dela, baina ia kontrakoa da. Ezberdina da beste pertsona batek ahoz esateko hitzak edo paperean geratuko diren hitzak idaztea.
10. New Yorken bizi izandakoa zara. Zer da onena eta txarrena?
Gauza bera: hiri handi guztiak bezala, lupa bat da animoarentzat. Ondo, sortzaile, lanerako gogoz bazaude, disparatu egiten da; baina baita triste bazaude ere.
---------------------------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Garraio publikoari buruzko propaganda gutxiago egingo nuke eta garraio publiko askoz gehiago jarriko nuke. Ez dut gidabaimenik, ezta autorik ere, eta grazia handia egiten dit 'Garraio publikoa erabil ezazu!' esan eta gero 22:30ean Bilbotik Donostiara joateko modurik ez izateak".