Atzo Bergarako pilotalekuan batu ziren zaleek –dezente izan ziren– finalerdi onak ikusi ahal izan zituzten, batez ere, garraldak eta Mendizabalek jokatu zutena. Lehenago, Ezcarayko Victorrek –Aspe enpresarekin hasi berri den Gorka Estebanen anaia– aurreikusi baino gehiago estutu zuen Etcheverri, baina Berakoak esperientziaz jokatu zituen azken tantoak, finalerako txartela lortzeraino (22-18).
Osagai guztiak izan zituen partidua
Ondoren etorri zen arratsaldeko partidu onena. Txarto hasi zen Mendizabal, sakez hainbat falta eginez, hotz eta pilotalekuan eroso sentitu ezinka (4-0). Garraldak markagailuan aurrea hartzeko aprobetxatu zuen hori, baina poliki-poliki Antzuolakoa partiduan sartzen joan eta lehia bedintzeko gauza izan zen (11-11). Hortik aurrera tanto ederrak, bai batenak eta baita bestearenak: bi paretak, zabalera dejadak, txokora... teknika ona dutela erakusteko erakustaldiak zirudien hark –biek hala biek lurrean amaitu zituzten hainbat tanto–, baina akaso, Mendizabalek baino korrikaldi handiagoak egin behar izan zituen Garraldak, eta tantoek aurrera egin ahala, Huartekoa behera etorri zen.
Nekearen ondorioz egiten diren hutsak egiten hasi zen, eta tanto erabakigarrietan, gainera. Mendizabal 16-19 aurreratu zen, bazirudien bideratuta zuela garaipena, baina Huartekoa ez zegoen amore emateko gertu (19-19). Hor hustu zen Garralda, eta azken tantoetara gorputzaldi hobean iritsita, Mendizabalek finalerako txartela irabazi zuen (20-22). Kosta egin zitzaion lana betetzea, asko, horregatik zuen garaipen horrek zapore horren ona.