Honako hauek dira Batzar Nagusietarako hautagai debagoiendarrak: Amaia Inza eta Carmelo Lezeta, egun Oñatiko eta Eskoriatzako zinegotziak; Miguel Angel Delgado aretxabaletarra, zinegotzi eta Etxebizitza eta Lurralde Antolamendurako sailburuordea izandakoa; eta Bergarako Kontxi Irizar, zinegotzi eta alkateorde izandakoa eta Bittor Gorrotxategi, egun H1!eko Batzar Nagusietako kidea.
Deba Urola barrutiko zerrendaburua, Debagoienari dagokiona, Maite Etxaniz izango da, 1999tik 2007ra Zarautzko alkate izandakoa eta egun foru aldundiko Politika Sozialeko diputatua dena.
Gainerako barrutietako zerrendaburuak honakoak dira: Pello Gonzalez diputatu nagusi izateko hautagaia (Oria), Joxan Rekondo (Donostialdea) eta Martin Beramendi (Bidasoa-Oiartzun) buru dituzten hauteskunde zerrendak osatu dira.
Frenteen aurka
Diputatu nagusirako hautagaia den Pello Gonzalezek ziurtatu du, talde honekin, Hamaikabatek, "frenteen osaketa bilatzen duten eta gizartea kezkatzen ez duten eztabaida antzuetan oinarritutako" bestelako proposamenen aurrean, "gipuzkoarentzako akordio zabalak bilatuko dituela, lurraldearen eragile sozial eta ekonomiko diren proiektu estrategikoak aurrera ateratzeko, hala nola, gizarte kohesioa, langabezia, krisi ekonomikoa, zerbitzu sozialak, garraio publikoa, garraio azpiegiturak eta hondakinen kudeaketa".