Gaur egun prototipo funtzionalen fabrikazioa lantzen ari dira, urtearen amaierarako prest izateko.
Soluzioak errekuntza motor bat eta generadore elektriko bat integratzen ditu, propio diseinatu da autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoaren aplikazioetarako, eta "oso-oso trinkoa, arina eta lehiakorra" da, arduradunen esanetan. Ekarpenik handiena da Range Extender motorraz hornituta dagoen edozein ibilgailu elektrikotako baterian martxan kargatzea ahalbidetzen duela eta, ondorioz, horren autonomia handitzen duela.
Etorkizuneko ibilgailuetarako motor ekologiko berri bat da, gaur egungo automobilen CO2 emisioak nabarmen murriztea ahalbidetuko duena. Halaber, hainbat erregai mota erabiltzeko prestatuta dagoenez, petrolioarekiko mendekotasuna erabat murriztea eta bio-erregaiak eta energia berriztagarriak garatzen laguntzea dira Fagor Ederlanen helburuak.
Eko-motor honen lehenengo belaunaldia Limo Green proiekturako Jaguar ibilgailua garatzeko muntatu da, eta Lotus Engineeringek eta Fagor Ederlanek birdiseinatu dute, errendimendua hobetzeko eta seriean ekoizteko garatzeko. Proiektu honetan partaidetza garrantzitsua izan du Mondragoneko beste kooperatiba batek ere, Fagor Automationek, generadorearen eta horren erregulazioaren zatian.
Horrenbestez, Fagor Ederlanek "Citycar/Mugikortasun iraunkorra" delako proiektuaren testuinguruan egin duen apustua sendotu da, negozio berri bat garatzeari begira, eko.motorrak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzeko helburuarekin.