Donostiako Miramar jauregian egin dute aurkezpena gaur –apirilak 3–, datozen udal eta foru hauteskundeetarako koalizioaren izena eta irudia ofizialki ezagutzera emateko. EA eta Alternatiba alderdietako ordezkariek eta independente ezkertiar eta subiranistek esku hartu dute eta bertan izan dira hiru debagoiendar ere: Ander Rodriguez, Alternatibako zinegotzia Arrasateko Udalean; Lore Martinez, EAkoa Aretxabaletakoan; eta alderdi bereko presidente Pello Urizar arrasatearra.
Oraingo hau hasierako aurkezpena izan da, ordea, aste honetan –domekan, apirilak 9– egingo dutenaren atarikoa; Kursaalen izango da eta areto nagusia betetzeko itxaropena agertu du Urizarrek: "Egun horretan aurkeztuko ditugu zerrendak, ordurako gertu egongo dira-eta ia guztiak, eta horietan doazen ehunka pertsona elkartuko dira Kursaalen". Debagoienean etxeko-lanak nola doazen galdetuta, herri bakoitzeko egoera ezberdina dela kontatu digu Rodriguezek: "Oñatin eta Aretxabaletan bukatzeko puntuan dituzte herri programak eta zerrendak; aldiz, Arrasaten, nork bere aldetik egin du lan orain arte eta aste honetan hasiko gara egiten lehen bilera bateratuak".
Indarrak batzeko premia
Koalizioko kide denak bat etorri dira indarrak batzeak duen garrantzia azpimarratzerako orduan: "Indarrak batzeko garaia heldu da. Bizi ditugun mendekotasun guztiak gainditzeko alternatibak biderkatzera goaz. Ahots indartsu eta anitza sortzeko ahalegin irekia da hau eta hasi besterik ez da egin". "Aurkezpena hauteskunde bezperetan egin arren, argi dago elkarrekin gaudela azken hilabeteetan; hala eskatzen du gizartearen zati handi batek eta beharrezkoa dela ikusten dugu guk ere. Erakundeetan ez ezik, bakea lortzeko bidean ere elkarlanean jardungo dugu eta Sortuk zabalik izango ditu koalizioko ateak, legeztatzen badute", gehitu du Urizarrrek.