"Euskal Herriko arrakastarik handiena Mondragon da", esaten du 'The Guardian'-ek

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 1a

Britainia Handiko The Guardian egunkariak Euskal Herriko eta, batez ere, Arrasateko mugimendu kooperatibista goraipatu du erreportaje baten. "Euskal Herriko arrakastarik handiena, duda barik, Mondragon [korporazioa] da", esaten du Randeep Ramesh kazetariak. "Langileen kooperatibek eta txokoek lagundu diote sasoi baten gainbeheran zegoen lurralde honi Espainiako zati handienak baino hobe aurre egiten krisiari", esaten du.

"Euskal Herriko sozietate handi oparoa" izeneko erreportajean, The Guardian-eko kazetariak elkarte gastronomikoak edo txokoak, batetik, eta Arrasateko esperientzia kooperatiboa, bestetik, aintzat hartzen ditu Euskal Herria irakurle britainiarrei aurkezteko.

Kooperatibetaz idazten duenean, zera esaten du: "Espainian langabezia %20koa da, baina Euskal Herrian, horren erdia".

"Euskal Herriko arrakastarik handiena, duda barik, Mondragon da, orain 50 urte sortua eta gaur egun Espainiako zazpigarren enpresa-talde handiena dena".

Mikel Lezamizen hitz batzuk ere sartzen ditu: "Lezamizek dio kooperatibek geldialdiak hobeto kudeatzen dituztela, bazkideek ez dutelako soldatarik jasotzen. Kooperatibak irabaztea espero duenaren aurrerapen bat jasotzen dute; hortaz, zenbat eta hobeto joan, orduan eta gehiago irabazten dute. Ez ditugu sindikatuak behar, langileek badakitelako irabaziak txikitu egiten direla euren irabaziekin ere berdin gertatuko dela".

Kazetariak honela jarraitzen du: "Langileen boterearen beste aldea da soldaten berdintasun harrigarria. Taldean gehien ordaintzen zaion buruak, Euskadiko Kutxako buruak, iaz 112.000 euro jaso zituen -zortzi aldiz Mondragon Taldearen gutxieneko soldata. Horren aldean, Britainia Handiko 100 enpresa handienetako batez besteko soldata handiena da gutxieneko soldataren 200 halako".

Erreportaje osoa irakurtzeko (ingelesez): http://www.guardian.co.uk/world/2011/mar/30/basque-country-big-society-spain

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak