Goi mailako ospitalea, Gasteizkoarekin lankidetzan

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 2a

Eskualdeko Ospitale berria dagoeneko gorpuztuta dago. Eraikin berriaren obra maiatz edo ekainean entregatuko diote Osakidetzari, eta azaroan inauguratu eta 2012rako martxan egon dadin gura dute.

"Ospitale bizia eta azkarra izango da, eta eraikin berrian estalita geratuko da gaixoarekiko arreta eta kirurgia, pazienteak behar duena: kontsultak, proba bereziak eta endoskopiak, gaixoak beste inora joateko beharrik izan ez dezan", esaten du ospitaleko gerenteak, Jon Armentiak. "Ospitale bizia da, hazten jarraituko du eta bere gaitasuna handitzen joango da: ebakuntza gehiago egingo ditugu, kontsulta gehiago ere bai, eta proiektu berriak dauzkagu".

Eskualdeko ospitaleak orain dauzkan zerbitzu garrantzitsuenak indartu egingo ditu, berri batzuk hartu, eta beste zerbitzu batzuetarako Gasteizko ospitaleekin "harreman estuan" izango da; bereziki, egitekoak diren Unibertsitate Ospitalearekin.

Indarguneak, indartsuago

Honako hanken gainean jaikiko da ospitale berria: eguneko ospitaleratzea, etxeko ospitaleratzea, kirurgia –lau ebakuntza-gela izatetik sei izatera pasatuko da–, Lehen Arretaren eta arreta espezializatuaren arteko integrazioa –hau da, paziente batek dauzkan familia-medikuaren eta mediku espezialistaren arteko harreman zuzena eta jarraia, paziente hori atenditzeko orduan–; eta, esan bezala, inguruko ospitaleekiko sinergiak edo elkarlan handia.
Esandako indargune edo zerbitzu garrantzitsu horietatik, berria den bakarra da Lehen Arretaren eta arreta espezializatuaren arteko integrazioa; hori "2012rako" martxan nahi du Jon Armentia gerenteak. Gaur egun sistema hori erabiltzen du ospitaleak larrialdietarako, eta baita dermatologiarako ere.

Aipatutako gainerako zerbitzuak dagoeneko ematen ditu ospitaleak, baina indartu egingo dira, eta horiek guztiak izango dira ospitale berriaren indarguneak.

Ospitale berria ia bukatuta dago.

Eguneko ospitaleratzeak, adibidez, baliabide gehiago izango ditu: gaur egun bi ohe eta lau besaulki ditu, eta ospitale berrian, lau ohe eta sei besaulki izango ditu, hurrengo fase baten bikoizteko asmoarekin. Armentiaren esanetan, gune hori da gaur egungo ospitalearen indarretako bat: 2010ean, %32 hazi da zerbitzu hori. Kirurgia anbulatorio (gaua ospitalean ematerik eskatzen ez duen kirurgia) nagusirako joaten diren pazienteendako edo zaintza konkretu batzuk behar dituztenendako da eguneko ospitaleratze zerbitzua. 07:30etik 21:30era funtzionatzen du.

Ospitalea gehien hazi den bigarren atala etxeko ospitaleratzea da: 2010ean, %29. Hori ere indartu egingo da. Izenak dioen moduan, medikuak etxean atenditzen du pazientea. Bereziki zuzenduta dago mina arintzeko tratamenduak jasotzen dituzten gaixoendako, gaixo kroniko batzuendako, ospitaleraino joan ezin direnendako edo errehabilitazioa egiten dabiltzanendako.

Kirurgia ere, gutxiago, baina hazi da: %2-3 inguru iaz. Gaur baino bi ebakuntza-gela gehiago izango ditu ospitaleak. Traumatologia eta ginekologiako ebakuntzak egingo dira, eta beste mota batzuetako ebakuntzak ere egiteko asmoa dago. Bost gela ebakuntza nagusiak edo handiak egiteko izango dira, eta bat, ebakuntza txikietarako.

Urologiako ebakuntzak

Urologia zerbitzua zen proiektua aurkeztu zenean, 2006an, jendeak gehien eskatzen zuenetako bat. Bada, ospitale berriak ebakuntza urologikoak egingo ditu. Kontsultarik, ordea, ez du modu jarraian izango. Gerenteak diosku "seguruenik" astean bi egunetan egongo dela urologoa kontsulta pasatzen.

Endoskopiak egingo dituzte, zerbitzu berria; zehazki esateko, digestio-aparatuari dagozkionak (kolonoskopia eta gastroskopia) eta arnas aparatuari dagozkionak (bronkoskopia eta ekobronkoskopia). Berria izango da ere proba funtzionalak egiteko gaitasuna, pazientearekiko arretarako  garrantzitsuak direnak, gerenteak azaltzen digun moduan. Kardiologiakoak eta arnas aparatuari dagozkionak (pneumologia) izango dira proba horiek. Endokrino bat ere egongo da ospitalean.

Jon Armentiak azpimarratzen duenez, "dena berri-berria da, teknologia modernoenarekin: eskanerra, bi erradiologia gela guztiz berri, sei ebakuntza-gelak…".

Jon Armentia, ospitaleko gerentea.

2010ean aldatu zuten

Ospitalearen lehenengo proiektua 2006an aurkeztu zuten orduko arduradunek, baina hori ez da azkenean egin dena. "Proiektua aldatzen joan da, eta asistentzia beharretara egokitzen. Azken erreforma 2010ekoa da", azaltzen du Jon Armentiak.

Hasierako proiektuak 120 ohe egongo zirela esaten zuen, eta azkenean 80 inguru izango dira. Gerentearen esanetan, "ospitaleak duen batez besteko erabilerarekin, 80 ohe nahikoak dira. Eta horiekin, gaur egun baino aktibitate handiagoa izango du ospitaleak". Gogora ekartzen du hasierako aurreikuspenak egin zirela Lagu Aroko mutualistak Gizarte Segurantzara pasatu behar zirela uste zelako, baina azkenean hala gertatu ez denez, aldatu egin behar izan direla. "Dena dela, laugarren solairua oso malgua izango da eta aldatu ahalko da", dio Armentiak.
Hasierako proiektuko beste zerbitzu batzuk kendu egin dira eta ez dira egingo: adibidez, egoera kritikoan dauden pazienteendako ZIU (Zaintza Intentsiboko Unitatea) antzeko bat, neurologia unitate bat edo hematologia zerbitzua. Hauxe diosku gerenteak: "ZIU bat ez zen bideragarria honakoa moduko ospitale baterako. Badaukagu, ordea, suspertze unitate bat, ebakuntza osteko premiak estaltzen dituena eta anestesistek atendituko dutena".
Neurologia zerbitzuaren gainean, esaten du "Debagoieneko ospitalean kontsulta pasa dezaten modua egongo" dela.
Gaineratzen du Debagoieneko ospitalearen "erreferentea" izango dela "Gasteizko Unibertsitate Ospitalea izango dena, bereziki", eta baita Gasteizko edo Donostiako ospitaleak ere: "Adibidez, hemen ezin ditugu bihotzeko ebakuntzak egin, baina bai infartuak atenditu. Hemen atenditu ezin ditugun kasuetan, 20 minutuan Gasteizen edo Donostian atendituta egongo da pazientea". Orain arte moduan, larrialdietako kasuak anbulantzian eramango dituzte behar den ospitalera; beste ospitale batera joan beharra duten gainerako pazienteek, orain arte bezala, euren kabuz joan beharko dira.

Jon Armentiak azaltzen du bere kalitateagatik gehien nabarmendu diren zerbitzuekin eta unitateekin zer gertatuko den: "Anatomia patologiko unitatea Osakidetzaren Zentralizazio Plan Gidarira moldatzen da; laborategi nagusi bana izango da Araban eta Gipuzkoan, eta hemen egingo dira probak, gero kanpora eramango dira eta emaitzak hemen jasoko ditugu.  Mikrobiologia unitateak hemen jarraituko du". Debagoieneko esterilizazio unitatea –kirurgiako tresnak prestatzekoa– ere oso txalotua izan da. Bada, hori Santiagoko Ospitalean –gero, Unibertsitate Ospitalean– egingo da, eta tresnok bidaltzeko eta jasotzeko gune bat "dagoeneko prest" dago.

Idoiaga, kezkatuta

Etorkizuneko ospitalearen proiektuaren gainean informazio zehatzagoa eskatu du Arrasateko alkate Ino Galparsorok. Proiektuaren oso gainean dago beste alkate bat, Lourdes Idoiaga: "Debagoienak espero zuen zerbitzua asko hobetzea ospitale berriarekin, mendekotasun handia dugulako Gasteizekiko. Baina esan baino ohe gutxiago izango ditu; adibidez, mokorreko protesiak ez dituzte Arrasaten egingo… Eta ez nago proiektuarekin ados: ostera ilusioa kendu digute eta zerbitzua urruntzeko asmoa dute. Hurbiletik jarraituko dut gaia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak